}

Titi espezieko tximino fluoreszenteak

2009/05/28 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Callithrix generoko titi-espezie batean gene arrotz bat txertatu du, proteina berde fluoreszentea (GFP), hain zuzen ere, Japoniako ikertzaile-talde batek. Kumeak ere halakoak izan dituzte, fluoreszenteak. Lehenengo aldia da proteina horren genea ondorengoei pasatzen diena primate batek.

Ikertzaileek titi espeziearen 91 enbrioitan txertatu dute proteina berde fluoreszentea, eta proteina hori duten titi espezieko bost tximino txiki jaio dira. Halaber, ikusi dute proteina hori bost tximino horietan ez ezik horien ondorengoetan ere ager daitekeela.

Beraz, litekeena da titi horiek animalia-eredu gisa erabiltzea, besteak beste Parkinson gaixotasunaren, alboko esklerosi amiotrofikoaren eta Huntington sindromearen entsegu klinikoetan.

Gaixotasun horiek ikertzeko, ezinbestekoa da gaixotasun horietako bakoitza eragiten duen genea ondorengoetara igarotzea. Rhesus makakoekin hainbat ikerketa egin dituzte, baina ez dute halakorik lortu. Titiekin, berriz, ikusi dute informazio genetikoa ondorengoei pasatzea posible dela. Batzuek diotenez, ordea, muga bat dute: ez daude gugandik hain hurbil makakoekin alderatuta, nahiz eta haiek ere primateak diren.

Nature aldizkarian eman dute aurkikuntzaren berri.

Irudia: Hideyuki Okano/Keio University; Erika Sasaki/CIEA

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia