}

Tim Berners-Lee, webaren asmatzaile eta jagolea

2018/06/01 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzaileaElhuyar Hizkuntza eta Teknologia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Martxoan, weba asmatu zeneko 29. urteurrenaren egunean, albiste izan genuen Tim Berners-Lee webaren asmatzaile eta weba kudeatu eta zaintzen duen World Wide Web Consortium (W3C) erakundearen zuzendariak egindako ohartarazpena: weba mehatxupean eta arriskuan dago. Jende askok galdetuko du ea nola den hori posible, kontuan hartuta jendeak inoiz baino denbora gehiago pasatzen duela sarean. Kontua da Internet edo sarea eta weba edo amarauna ez direla gauza bera. Weba bera eta haren izaera libre eta irekia daude arriskuan. Ezagut dezagun apur bat hobeto nor den Tim Berners-Lee, zer den weba eta zergatik dioen arriskuan dagoela.
tim-berners-lee-webaren-asmatzaile-eta-jagolea
Arg. Kristina D.C. Hoeppner/CC-BY-SA

Sir Tim Berners-Lee 1955ean jaio zen Londresen. Oxford-eko Queen’s College-n fisika ikasi ondoren, urte batzuetan ingeniari lanetan aritu zen hainbat enpresatan. Tartean, 1980an, Suitzako CERNentzat egin zuen lan, kanpoko kontratatu gisa, hilabete batzuez. Orduan, hipertestuan oinarritutako sistema bat proposatu zuen ikertzaileen artean informazioa elkarbanatzeko, eta ENQUIRE izeneko prototipoa eraiki zuen. Hipertestua da beste testu batzuetarako erreferentziak (hiperestekak) dituen testu digital bat. Weba hipertestuan oinarrituta dago, eta ENQUIRE sistema webaren aurrekaritzat jotzen da. 1984an, CERNera itzuli zen, erakundeko kide gisa lan egitera, eta 1989an, weba asmatu zuen.

Baina zer da weba?

Garai hartan, Internet jada existitzen zen, hain zabaldua ez bazegoen ere. Internet elkarren artean konektatutako ordenagailuen sare bat da, elkarren artean komunikatzeko TCP/IP (Transmission Control Protocol / Internet Protocol) eta DNS (Domain Name System) protokoloak erabiltzen dituena, eta sare horren gainean, hainbat zerbitzu ibil daitezke: posta elektronikoa, FTP, txata... CERN zen orduan Europako Internet nodo handiena. Hala, Berners-Leeri bururatu zitzaion urte batzuk lehenago landu zuen hipertestuaren ideia Internetekin konektatzea, eta horren inguruko txosten bat argitaratu zuen, 1989ko martxoaren 12an. Hori hartzen da WWWaren (World Wide Web edo web gisa ezagutzen dugunaren) sorreratzat.

Baina Berners-Leek ideia izateaz harago, inplementatu eta martxan jarri ere egin zuen. Lehen txosten hori ez zioten onartu arduradunek; 1990ean egindako berrikuspena bai, ordea. Orduan definitu zituen HTML formatua eta HTTP protokoloa (alegia, Hypertext Markup Language, web-orriak egiteko erabiltzen den formatua, eta Hypertext Transfer Protocol, web-orriak eta web-orrien eskaerak zerbitzari baten eta web-nabigatzaile baten artean trukatzeko protokoloa), zeinak gaur egun ere webaren oinarri diren —garatuta eta egokituta, jakina—. Lehen web-nabigatzailea (WorldWideWeb deitu zuena eta web-orriak editatzeko ere balio zuena) eta lehen web-zerbitzaria (CERN httpd izenekoa) ere egin zituen. Eta, azkenik, lehen webgunea jarri zuen martxan, http://info.cern.ch/hypertext/WWW/TheProject.html helbidean.

Asmatzeaz gain, webaren bilakaera zaintzen

Hurrengo urteetan, webak hazkunde handia izan zuen. Web-zerbitzarirako hainbat software garatu ziren, nabigatzaile ugari ere bai, eta webguneak eta erabiltzaileak asko ugaritu ziren. Horrekin batera, beti bezala, interes enpresarialak etorri ziren, eta, geroztik, hainbat enpresak kontrolatu nahi izan dute weba. Web-nabigatzaile bat atera eta nabigatzaileen merkatuan nagusitasuna lortuta, HTML formatua beren interesetara moldatzen saiatu zen Microsoft, 90eko hamarkadaren bigarren erdian, Internet Explorer-ekin, eta publizitatearen pastela berea soilik izaten saiatzen ari da Google, orain, Chrome-rekin.

Horrelakoak ekiditeko eta webak gizadi osoaren ondare izaten jarraitzeko, 1994an, Berners-Leek World Wide Web Consortium (W3C) sortu zuen, eta, geroztik, haren zuzendaria da. Erakunde horrek webaren formatuak definitzen ditu (aipatutako HTTP eta HTML, eta geroztik sortu diren beste asko, hala nola XML, DOM, CSS...). Formatu horiek guztiak adostutako estandar gisa publikatzen dituzte, patente eta royaltyetatik libre. Horrez gain, World Wide Web Foundation fundazioa ere sortu zuen, 2008an, W3Caren helburu antzeko samarrekin, baina gai teknikoekin aritu beharrean bestelako lanak egiten ditu: web libre eta irekiaren ideia zabaldu, weba mundu guztiarentzat eskuragarri egiteko ekintzak eta abar.

Webaren egungo arriskuak

Aipatutako azken erakunde hori, World Wide Web Foundation alegia, baliatu zuen Berners-Leek martxoaren 12an webaren 29. urteurreneko mezua zabaltzeko. Mezuan dioenez, aurten, lehenbizikoz, munduko populazioaren erdia baino gehiago egongo da online. Eta ikusten duen beharretako bat da beste erdia lehenbailehen konektatzea (oro har, herrialde pobreetako biztanleak, emakumeak, landa-inguruneetakoak...), arrakala digitala zabaldu ez dadin eta populazioaren beste erdi horrek aukera berdinak izan ditzan ikasteko, dirua irabazteko, informatuta egoteko eta webeko zerbitzuez baliatzeko.

Beste arrisku bat ere aipatzen du: weba gero eta plataforma dominatzaile gutxiagoren eskuetan geratzea. Hori benetan ari da gertatzen. Lehen webgune, blog eta komunikabide ugariren ekosistema aberatsa zena, orain, aldatu egin da, eta jende gehienak enpresa gutxi batzuen webguneetan ematen du denbora gehien. Webgune horiek botere izugarria dute jendearen iritzia bideratzeko, nahita edo nahi gabe (albiste faltsu famatuak horien bidez zabaltzen baitira). Eta haien nagusitasunak izugarri zailtzen du agente berriak sortzea, lehiakideak erosten dituztelako, talentu guztia kontratatzen dutelako, erabiltzaileei buruzko informazio asko dutelako...

Iaz ere, data berean, webaren 28. urteurrenaren karira, beste ohartarazpen batzuk egin zituen. Orduan, gure datu pertsonalen kontrolaren galeraz ohartarazi gintuen. Ez gara konturatu ere egiten enpresa handiek guri buruzko zenbat informazio gordetzen duten, doako zerbitzuak ematearen truke. Datu horiek baliatzen dituzte, kasurik onenean, gu beren plataformetan pozik baina preso egoteko, eta, kasurik txarrenean, publizitate-agentziei saltzeko, gobernuei emateko...

Horrez guztiaz gainera, aipatu beharra dago telefono mugikorretan web-aplikazioen ordez app-ak erabiltzeko zabaltzen ari den joera. Horiek Interneten gainean doaz, baina bakoitzak bere programazio-lengoaia eta komunikazio-protokolo propioak erabiltzen ditu, webeko estandarren ordez.

Ez da erraza izango webak hartu dituen joera kezkagarri horiei buelta ematea. Baina oker dagoen zerbait aldatzen hasteko lehen pausoa da zer hori oker dagoela ohartzea. Ezingo dugu esan Tim Berners-Lee gu ohartarazten saiatu ez denik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia