Tigre gatibuak, leinu onekoak
2008/04/21 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Zenbatespenen arabera, askoz tigre gutxiago dago naturan, zooetan, zirkoetan eta beste gatibutza-mota batzuetan baino. Ustez, 3.000 tigre basati eta 20.000 gatibu dago, gutxi gorabehera. Zenbaki horiek ikusita, agian gatibu dauden tigreak erabili beharko dituzte espeziearen egoera larriari aurre egiteko. Baina biologoak kezkatuta daude, ez baitakite tigre gatibuen ondare genetikoa egokia den horretarako. Genoman nahaste handia badute, ingurune naturalera egokitzeko ahalmen eskasa izango dute tigreek. Baina ikerketa genetiko batek itxaropen pixka bat ekarri du, uste zuten baino puruagoa baita tigre gatibuen leinua.
Harritzekoa da, gizakiak aspalditik harrapatu eta gurutzatu dituelako tigreak. Horren ondorioz, jatorri askotako material genetikoak erabat nahastuta egon beharko luke. Eta badago nahastuta, baina uste baino gutxiago. Marylandeko biologo batzuek, Estatu Batuetan, mundu osoko tigre gatibuen laginak jaso eta analizatu dituzte, tigre horien subespezieak zehaztu nahian. Ikerketaren emaitza da analizatutako tigreetatik erdia subespezie bakarrekoa dela. Datu itxaropentsua da, baina, ikertzaileen ustez, okerra. Lagin gutxi hartu dituzte, eta, diotenez, tigreen % 23 baino gutxiago dira subespezie berekoak.
Nolanahi ere, oso kopuru handia da, kontuan hartzen bada bost subespezie existitzen direla eta biologoek espero zutela subespezie horien hibridoak aurkitzea tigre gatibuetan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia