}

Tifoien dardara

2009/07/19 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

“Gutxienez horrenbeste lagun hil dira tifoi baten ondorioz” eta antzeko albisteak maiz entzuten ditugu komunikabideetan. Zorionez, gurean gertatzen diren ekaitzek, haize-boladek eta euri-jasek ez dute horrenbesteko sarraskia edo hondamendia eragiten. Munduko beste leku batzuetan, berriz, bai. Tifoiak, lurrikarak eta abar gertatzen dira, eta, batzuetan, biak batera, orain ikusiko dugun moduan.
NASA

Ekaitzik suntsitzaileenak tropikoetan izaten dira. Telebistako albistegietan, sarri ikusten ditugu horrelako ekaitzen irudiak: haizeak palmondoak etzaten ditu, eta etxeak “sustraietatik” atera; euri-jasek uholdeak eragiten dituzte; eta itsasoak gogor erasotzen dio kostaldeari. Ekaitz tropikalak dira. Ekaitz horiek, bortitzak izanda ere, are indar handiagoa har dezakete, eta zikloi bilaka daitezke. Zikloi, urakan, tifoi... fenomeno meteorologiko bera izendatzeko hamaika modu daude.

Urakanak dira Ozeano Atlantikoan, Karibe itsasoan eta Mexikoko golkoan gertatzen direnak. Tifoiak dira Asiako hego-ekialdekoak. Zikloi tropikalak, Indiako Ozeanoan gertatzen direnak. Leku bakoitzean izen bat du, baina horrek ez dio indarrik kentzen fenomeno horri.

Funtsean, 155 km/h-ko abiaduratik gorako haize bortitzak izaten dira, eta, itsasoko ur epelak elikatuta, handituz eta indartuz joan daitezke. Izan ere, zikloiak itsasoan sortzen dira. Ur epelak azaleko airea berotu ahala, aireak gora egiten du zurrunbilo bat sortuz. Zurrunbilo hori haziz joaten da, eta 250 km-ko diametroa har dezake. Beldurtzeko adinakoa!

Lurrikara txikiak

Ekaitzik suntsitzaileenak tropikoetan izaten dira.
Artxibokoa

Tifoiek eragiten dituzten kalteak gutxi ez, eta tifoiek lurrikara txikiak eragiteko indarra dutela ikusi dute orain AEBko eta Taiwango zenbait zientzialarik Taiwango ekialdean.

Ondorio horretara iristeko, Taiwango ekialdean 2002 eta 2007 urteen artean gertatutako lurrikara txikiak aztertu dituzte zientzialariek. hogei lurrikara txiki gertatu ziren denbora-tarte horretan, eta ikusi dute horietatik hamaikak tifoiekin bat egin zutela. Nolatan hori? Gertatzen dena da tifoiek atmosferako presioa txikiagotzen dutela, eta presio-aldaketa hori nahikoa dela faila bat hausteko eta, ondorioz, lurrikara txikiak eragiteko, bai bederen Taiwango ekialdean. Izan ere, lurrikarak faila geologikoen hausturaren ondorio izaten dira gehienetan. Lurrikara bortitzetan, energia ikaragarri askatzen da berehalakoan; lurrikara txiki batek, berriz, zenbait ordu, egun bat edo pare bat egun iraun dezake.

Lurrikarak faila geologikoen hausturaren ondorio izaten dira gehienetan.
Artxibokoa

Euskal Herrian izan ohi dira lurrikara oso txikiak, baina ez dira inolaz ere arriskutsuak. Lurra mugitu, mugitzen da, baina bizirik dagoela erakusteko batik bat. Lur-astinduak oso ohikoak dira, berriz, beste lurralde askotan, hala nola Japonian, Kalifornian... Eskualde horietan gertatzen diren lurrikarak, gehienbat, indar txikikoak dira. Baina, tarteka, indar handiagoz astintzen da lurra, eta kalteak eragiten ditu. Orduan iristen da berria komunikabideetara. Izan ere, kalterik gabe, gehienetan ez dago berririk. Horrela ikusi ditugu telebistan Afganistanen, Hego Amerikan edo, beste askoren artean, Alaskan gertatutako lurrikara indartsuak.


Ikertzaileen ustez, litekeena da lurrikara txiki horiek lurrikara handiagoak eta bortitzagoak saihesteko modu bat izatea. Izan ere, lurrikara txiki horiek presioa askatzeko balbula baten gisa jokatzen dute, failen tentsioak eta abar askatuz, eta, modu horretan, lurrikara handiagoak ekiditen dituzte. Oraindik ez dago oso argi munduko bestelako zonaldeetan antzeko fenomenorik gertatzen ari den edo ez.

7k-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia