}

Tetraplegikoek garunarekin beso robotiko bat kontrolatzea lortu dute

2012/05/16 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bi pertsona tetraplegiko garunarekin beso robotiko bat gidatu eta objektuak hartzeko gai izan dira. Nature aldizkariaren gaurko zenbakian eman du lorpen horren berri nazioarteko ikertzaile-talde batek.

Garuneko jarduera jasotzeko, sentsore bat jarri diete gaixoei kortex motorrean. Hala, eremu horretako neuronen seinaleak jaso, eta beso robotikoarentzako agindu bihurtu dituzte. Lehenagotik lortua zuten modu horretan pertsona tetraplegikoek ordenagailu baten kurtsorea mugitu eta klik egitea, eta tximu osasuntsuek beso robotikoak kontrolatzea ere lortu izan da, baina, ikertzaileen esanean, lehen aldia da pertsona tetraplegiko batek beso robotiko baten hiru dimentsioko mugimendua kontrola dezakeela frogatzen dena.

Naturekargitaratu duen bideoan ikus liteke, esaterako, 15 urte lehenago garun-infartu baten ondorioz tetraplegiko gelditu zen emakume batek beso robotikoarekin edalontzi bat hartu eta ahora nola eramaten duen.

Ikertzaileen esanean oraindik asko dago hobetzeko, baina teknologia hori irtenbide on bat izan liteke etorkizunean gorputz-adarrak falta dituzten edo paralizatuta dituzten gaixoentzat. Hurrengo pausoetako bat sistemak haririk gabe funtzionatzea izango litzateke, oraingoz, garunean txertatutako sentsoreak kable-bidez lotuta egon behar baitu.

Informazio osagarria:

Garunaren itzultzaileak (Elhuyar, 268 zk., 2010eko urria)

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia