Tenperaturaren mugaren bila
2004/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gauza 'normalen' neurrian, ohikoa da tenperatura neurtzea, baina kontuan hartu behar da gauza horiek milioika eta milioika atomoz edo molekulaz osatuta daudela. Bestalde, fisikariek argi dute partikula txikietan ez duela zentzurik tenperaturaz hitz egiteak, tenperatura partikula askoren arteko bero- eta energia-trukearen isla delako. Azken batean, badago gauza handien tenperatura neurtzea, baina ez partikula txikiena. Dena dela, fisikariek ez dakite bi kasuen arteko muga non dagoen.
Ingalaterrako fisikari batzuen ustez, muga hori neurtu nahi den materialaren eta materialak duen energiaren araberakoa da. Edonola ere, haien kalkuluen arabera, karbonozko nanohodi erraldoietan ere ez du zentzurik tenperatura neurtzeak; izan ere, bero-trukea ez da gauza handietan bezala gertatzen.
Nanohodien jokabidea ulertzea oso garrantzitsua da, molekulen tamainako gailu elektrikoetan erabiltzen baitira. Baina, ikerketaren emaitzen arabera, ez dira aplikazio guztietarako egokiak; adibidez, tenperatura neurtzeko sentsoreak egiteko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia