Tenperatura altuko supereroaleen propietateak argituta
2009/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Tenperatura "altuetan" supereroalea den material-familia baten, burdin artseniuro konplexuen familiaren, hainbat propietate eta abantaila deskubritu dituzte nazioarteko hainbat ikertzailek, eta Nature aldizkarian argitaratu dute horien berri.
Tenperatura baxuagoan supereroalea den beste familia batekin, kobre oxido konplexuen familiarekin, alderatu dute, eta hark ez dituen propietateak deskribatu dituzte. Batetik, ikusi dute kobre oxido konplexuak ez bezala burdin artseniuro konplexuak gai direla edozein norabidetan izateko supereroaleak. Horrek abantaila nahiko handia ematen die besteen aurrean, orain arte erabili dituztenean zailtasun handiak izan baitituzte material supereroalez egindako piezak norabide egokian orientatzeko.
Gainera, ikertzaileen esanean, badirudi supereroale berriak gai direla besteak baino korronte gehiago garraiatzeko eta eremu magnetiko handiagoak sortzeko. Hori ere propietate abantailatsua da, bereziki indar handiko elektroimanak behar dituzten tresnak egiteko, hala nola erresoluzio handiko erresonantzia magnetiko nuklearrak egiteko tresnetarako edo potentzia handiko partikula-azeleragailuetarako.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia