}

Tenperatura-aldaketarik ez, metodo-aldaketa

2008/07/27 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

1860. urtean hasi ginen lehorreko eta ozeanoko tenperaturen datuak biltzen. Harrezkero, erregistro jarraitua dugu, eta, besteak beste, Lurrak izan dituen berotze- eta hozte-aldiak jasota ditugu. Zientzialariek, gainera, badakite tenperatura-aldaketa gehienak zer dela eta gertatu diren: El Niño efektua dela, sumendiren baten erupzio bortitzak direla... noizean behin gertatzen dira horrelako gorabeherak.
1860. urteaz geroztik ozeanoko tenperaturen datuen erregistro jarraitua dugu. (Argazkia: NASA)

Badago, ordea, orain arte azalpenik izan ez duen gertaera bat: 1945. urtean, Bigarren Mundu Gerra bukatu zen urtean, itsasoko tenperatura 0,3 ºC jaitsi zela adierazten du erregistroak. Lehorrean, berriz, ez zuten inongo aldaketarik hauteman, eta ez da inongo fenomeno klimatikorik ez geologikorik aurkitu hozte hori azal dezakeenik. Jakin-mina oso handia zen zientzialarien artean.

Dirudienez, Estatu Batuetako eta Britainia Handiko talde batek aurkitu du azalpena behingoz: ez zen tenperatura-aldaketarik gertatu; neurketak egiteko metodologia desberdina erabiltzeak eragin zuen jasotako datuek tenperatura-alde hori izatea.

Arazoa, neurtzea bera

Bigarren Mundu Gerrak iraun zuen bitartean, itsasoko tenperaturaren oso datu gutxi bildu zituzten, eta gehien-gehienak Estatu Batuetako itsasontziek neurtu zituzten. Gerra bukatutakoan, ordea, itsasontzi ingelesek ekin zioten berriz neurketak egiteari.

Lurrak izan dituen tenperatura-aldaketa batzuk sumendiren baten erupzio bortitzek eragin dituzte.

Esan bezala, ez zioten metodologia berari jarraitzen; tenperatura neurtzeko ura ez zuten leku beretik jasotzen. Estatu Batuetako tripulatzaileek itsasontziaren motorra hozteko itsasotik hartzen zuten urean egiten zuten neurketa. Ingelesek, berriz, itsasoko uretara botatzen zituzten pertzetan bildutako urean. Hala, oso litekeena da modu batean eta bestean bildutako urak tenperatura-desberdintasun hori izatea. Alegia, Estatu Batuetakoek egin zituzten neurketetan, ura itsasontzi barrura sartzeko bidean pixka bat (0,3 ºC, alegia) berotzea.

Itsasontzietan tenperaturaren datuak biltzen zituzten egunkarietan, ordea, ez zuten jarri, ez batzuek ez besteek, neurketak egiteko zer prozedurari jarraitu zioten. Horrek eragin du orain arte inork ez erreparatzea kontu horri.

Hain zuzen ere, orain arte ikertzaile gehienek uste zuten erregistroan jasotako hoztea benetako hoztea izan zela. Bazekiten gerrak iraun zuen bitartean neurketa gutxiago egin zituztela, baina inori ez zitzaion burutik pasa ere egin tenperatura neurtzen zutenen esku egon zitekeenik gorabehera hori. Sulfatozko aerosolei egozten zioten berotze hori, haiek atmosfera poluitu bide zuten, eta poluzio horrek eragin zuen hoztea.

Bigarren Mundu Gerran itsasoko tenperaturaren datu gehienak Estatu Batuetako itsasontzietan neurtu zituzten.
AEBko gobernua

Egia esan, oso arraroa zen zientzialarientzat eurentzat ematen zuten azalpena, bat-batean gertatu baitzen tenperatura-aldaketa, ozeanoan neurtutako tenperaturan bakarrik hauteman baitzuten aldaketa eta abar. Baina, beste azalpenik ezean, hori onartzen zuten.

David Thompsoni, aipatutako aurkikuntza egin duen ikertzaileetako bati, bat-batean bururatu zitzaion agian hozte horrek ez zuela eragile fisikorik izango. Hainbat herrialdetako itsas adituekin elkartu zen, eta arrantzaren historiari buruz galdetu zien, agiri zientifikoak eta nazioarteko datu-baseak aztertu zituen... horietatik guztietatik informazio aipagarria bildu zuen, eta, azkenean, erantzuna aurkitu zuen.

Ikerketa horri esker, hogeigarren mendeko tenperaturaren erregistroa moldatu ahal izango dute klima-ikertzaileek. Seguru asko desagertu egingo da 1945eko bat-bateko gorabehera hori, baina ez dago argi, inondik ere, zer balio emango dioten tenperatura-segidari. Nola asmatu orain dela hirurogei urte baino gehiago ozeanoak zer tenperatura zuen?

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia