Teknologiaren irakaskuntza
1994/11/01 Rodriguez Ibabe, Jose Maria Iturria: Elhuyar aldizkaria
Teknologiaren barnean oso ikuspuntu desberdinak har daitezke kontutan. Horietariko bat, beharbada ezezagunena eta garrantzi gutxiegi ematen zaiona, teknologiaren irakaskuntzarena da. Askotan, teknologiaren irakaskuntzarako garatzen diren prozedurak eta teknikak ez dira oso landuta egoten eta praktikan beti arazoak sortzen dira (lantegietan teknologia aldatuz badoa ere, bere irakaskuntza askoz polikiago aldatzen da, bien arteko desoreka nabarmena azalduz).
Duela urte batzuez gero arazo hori, nire iritziz, larriago bihurtzen ari da. Hori esateko, informatika sistematikoki erabiltzea kontutan hartu behar da. Informatikari esker, lehen posible ez zen zenbait kalkulu konplexu eta iragarpen, bai diseinu-mailan eta bai osagai edo egitura baten erabilpenean, orain ia sistematikoki burutu daitezke. Horri esker diseinua nabarmen hobetu da eta orain egiten diren kalkuluak lehengokoak baino askoz zehatzagoak dira. Alderdi baikor honen aldamenean, informatikaren erabilpenean azaldu diren beste arazo berri batzuk ere ezin ditugu ahaztu. Arazo berri horiek informatika desegoki erabiltzean oinarritzen dira. Produkzio-zentruetan batzuetan gerta daitezke, baina neurri handi batean, teknologiaren irakaskuntzan oso nabarmenak dira.
Programak eta sofware-mota desberdinak garatzean, programa horien egileek, informatikaz gain, ondo menperatzen eta ulertzen dituzte tratatzen ari diren arazoen oinarri fisikoak. Irakaskuntza-mailan, askotan baldintza hori ez da behar bezain ondo betetzen. Irakaslea saiatzen da, eta beharbada denbora dexente erabiltzen du, programa konkretu bat nola erabili ikasleari erakusten. Egoera horretan, behin baino gehiagotan programa sortzean kontutan hartu ziren eredu eta oinarri fisikoak, irakaskuntza-prozesuan bigarren mailan gelditzen dira, irakaslearentzak programaren ikuspuntu horiek hain garrantzitsuak ez direlarik. Ondorioz, programa garatzean kontutan hartutako ereduek programaren erabilpen-muga batzuk finkatu zituzten, eta ikaslearentzat muga horiek guztiz ezezagunak dira. Hori dela eta, ikasleak, kalkuluak errazteko garatu zen erreminta errealitate osotzat hartzen du, edozein aplikaziotarako beti egokia bailitzan.
Ildo horri jarraituz, guztiz okerrak diren portaera batzuk ikusten dira. Alde batetik, programa erabili ondoren lortutako emaitzak errealitatearekin bat ez baldin badatoz, ikasleak errealitatearen inperfekzioa ikusten du eta ez zaio inoiz bururatzen programak muga batzuk dituela eta ezin dela edozein kasutan aplikatu (beste konparaketa-mota bat egiten badugu, “big bang” teoria betetzen ez baldin bada, unibertsoa “oker” dago). Bestetik, nahiz eta emaitzak astakeria hutsa izan, inork ez ditu emaitza horiek zalantzan jartzen, programak datu horiek eman dituela eta.
Bi portaera hauek teknologiaren irakaskuntza-munduan egunero azaltzen dira. Hori gainditzeko, ikasleari ondo erakutsi behar zaio ordenadorea tresna dela eta kalkulatu nahi duen arazoaren oinarri fisikoa ondo ulertu eta menperatu behar duela. Helburu hori ezin da lortu irakasle berak hori menperatzen ez baldin badu. Baldintza horiek betetzen ez baldin badira, ikasleari teknologia baino gehiago surrealismoa irakasten ari zaio. Ondorioz, lantegietan erabiltzen den teknologiaren eta geletan irakasten den gaien arteko hutsunea gero eta zabalagoa izan daiteke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia