}

Teknologia, osasuna, informatika eta ingurumena nagusi egunkarietako zientzia-albisteetan

2008/10/08 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Teknologia, osasuna eta informatika izan dira zientzia-gai ohikoenak Euskal Herrian editatzen diren egunkarietan, 2008ko lehen lau hilabeteetan. Hala ere, egunkarietako azalei begiratuta, sailkapena aldatu egiten da: osasun-gaiak dira azaletan gehien agertu diren gaiak, eta bigarren eta hirugarren postuetan ingurumena eta teknologia izan dira, hurrenez hurren.
Garikoitz Otamendik egin ditu azterketaren laginketa-lanak, eta Bego Zubiak koordinazio- eta zuzendaritza-lanak.

Horiek dira Elhuyar Fundazioak egindako azterketa baten emaitzetako batzuk. Hamaika egunkari aztertu dituzte ( Berria, Deia, Diario de Navarra, El Correo, El Diario Vasco, Gara, Le Journal du Pays Basque, Diario de Noticias, Noticias de Gipuzkoa, Noticias de Alava eta Sud Ouest ), 2008ko urtarrilaren 1etik apirilaren 30era. Zientziak prentsan duen presentzia aztertzeko, zientzia-, teknologia- edo berrikuntza-gaiak hizpide dituzten testu guztiak jaso nahi izan dituzte. Guztira, 6.448 testu jaso dituzte, eta azterketaren ondorio nagusiak hauek dira.

Testu gehienak gaztelaniaz daude argitaratuta, % 82, hizkuntza horretan argitaratzen baitira aztertutako hedabide gehienak. Testu gehien Vocento taldeko bi egunkariek argitaratu dituzte, El Correo eta El Diario Vasco egunkariek (932 eta 741 testu, hurrenez hurren), eta sailkapen horretan hirugarrena Noticias de Gipuzkoa egunkaria izan da (715 testu).

Zientzia ez da garrantzitsua

Argitaratutako testu gehienak oso garrantzi txikikoak izan dira (1.089 testu), Richard Budd-en garrantziaren eskala irizpide hartuta (albistearen tamaina, hartzen duen espazioa, orrialdearen zenbakia eta erabilpen grafikoan oinarrituta), eta erabateko garrantzia izan duten testuak, berriz, 55 besterik ez dira izan.

Ikerketaren emaitzek argi adierazten dute teknologia, osasuna, informatika eta ingurumenarekin lotutako gaiak aukeratu ohi dituztela kazetariek zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-alorreko informazioak lantzean.

Gai horiek lantzean, informazio hutsa -albisteak luzeak eta laburrak- eskaini ohi dute egunkariek, nahiz eta ezin esan daitekeen interpretazio-generoa albo batera uzten dutenik.

Garbi gelditu da, baita ere, egunkariek ez dutela zientzia, teknologia eta berrikuntzari buruzko iritzi askorik eskaintzen, eta are gutxiago euren iritzi propiorik. Hamaika egunkariek 26 editorial besterik ez dute argitaratu.

Positiboak nagusi

Edonola ere, egunkariek zientzia, berrikuntza eta teknologiaren aldeko jarrera dutela esan daiteke, nahiz eta eurek zuzenean iritzi hori ez adierazi. Izan ere, argitaratzen diren informazio gehienen ikuspegia positiboa da, nahiz eta kazetaritzan, oro har, albiste bihurtzeko aukera gehiago duten albiste txarrek albiste onek baino.

Zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-alorreko Euskal Herriko zein Europako informazio ofizialak dira nagusi egunkarietan; izan ere, iturrien erdiak baino gehiago, % 60, erakundeak izan ziren. Ezin aipatu gabe utzi testuen % 25ean ez dagoela esaterik albistea non sortu den, edo nor den informazioaren erantzule, egunkariek ez baitute datu hori eskaini.

Euskal hedabideek zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-gaiak lantzeko hautatzen dituzten gaiak Europako beren kideek hautatzen dituztenen antzekoak dira, eta albisteen jatorria eta egilea identifikatzeko dituzten arazoak ez dira euskal kazetarienak bakarrik, Europako profesionalek arazo bera nabarmentzen baitute dituzten erronken artean.

Materia osagarria:

Zientzia prentsan 2008 txostena

Datuen bilduma egunkarika banatuta

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia