Teklatu traketsa nagusi
2005/01/01 Araolaza, Oier - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Mekanografia-irizpideen arabera, hatz txikienarekin, batere indarrik ez duen horrekin, sakatu behar dugu bazterreko A tekla. Azkenerako ohitu gara, baina luzaroan baldar jardun ondoren.
Zer esanik ez garai bateko idazmakinetan, teklak indarrez zanpatu behar ziren haietan. Hamaika komeria ezkerreko eskuaren hatz txikienarekin A edo Q zanpatzen.
Bokalak kontsonanteak baino gehiago erabiltzen ditugu, eta, ikusi dugunez, A ezkerreko muturrean dago, aparte, eta, horrez gain, E, U, I eta O teklatuaren goiko lerroan daude. Hurbil jarri beharrean urrunduta daude beraz, eta O, gainera, laugarren hatzarekin, nagiarekin, sakatu behar da.
Gaur egun nagusi den teklatu-diseinuan hizkiak ez daude erabileraren beharrei erantzuteko kokatuta. Diseinu hori egin zenean, idazteko erraza izatea ez zen lehentasuna. Ondorioz, ordenagailuak nahi beste megahertz izango ditu, eta ziztu bizian egiten ditu eragiketak, baina hatzamarrekin teklatu traketsean idazten jarraituko dugu. Jardunaren jardunaz dezente moldatzera iristen gara, eta zenbaitek abaila ere hartzen du, baina hizki bakoitzaren kokalekua oroimenean ondo txertatu arte nahikoa lan izaten dugu.
Klabierrean hizkiak nola antolatu pentsatzen hasiko bagina, tekla bakoitzaren erabilera-maiztasuna aztertu, eta horren arabera jarriko genituzke. Gehien erabiltzen ditugunak bigarren lerroan, abiatzerakoan hatzak jartzen ditugun lerro horretan, eta erdialdera, hatz erakusletik ahalik eta gertuen. Gutxien erabiltzen ditugunak, berriz, bazterrean, hatz txikiaren eta alferraren lurraldean.
Eta zeintzuk dira gehien erabiltzen diren hizkiak? Hizkuntza batetik bestera aldatzen badira ere, badira antzekotasun batzuk.
Euskaraz, ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz A eta E oso erabiliak dira, baina teklatuetan bazterreko tokia dute. Euskaraz idazteko, bi teklatu-mota erabiltzen ditugu batez ere. Ingelesez eta gaztelaniaz erabiltzen dena batetik, QWERTY izenarekin ezagutzen dena, goiko lerroko lehen sei hizkiak horiek direlako. Bestetik, QWERTY horretatik abiatuta egindako egokitzapen bat erabiltzen da frantsesaren eraginpeko klabierretan. AZERTY du izena aldaera horrek, eta azentu asko erabiltzen dituzten hizkuntzei begira egokituta dago.
Ondorioz, zein irizpide erabili da hizkiak teklatuan antolatzeko? Ba, gezurra badirudi ere, hizki bakoitza erabiltzen den maiztasuna kontuan hartu zen, baina ez idazketa errazteko, baizik eta asko erabiltzen ziren hizkien teklak elkarrengandik urruntzeko. Idazmakinen garaian izan zen hori, eta horren ondorioak ordenagailuetako teklatuetara iritsi dira, noski.
Eboluzioa eta teklatuak
Stephen Jay Gould zientzialari eta dibulgatzaileak ere eskaini zion tarte bat bere idatzietan idazmakina eta ordenagailuen teklatuen antolaketa bitxiari. Eboluzio biologikoan gertatzen diren bitxikeriekin parekatu zuen teklatuaren bilakaera. Gould-en esanetan, historiaren bidezidor konplexu eta bitxien ondorioz, organismo eta ekosistema gehienen diseinua ez da egin zitekeen onena. Are gehiago, diseinu-akats horiek dira, haren ustez, eboluzioa gertatu izanaren zantzurik argiena, hutsetik sortzen hasiz gero akatsik gabeko diseinuak egingo bailirateke.
1714an, Henry Mill ingeniari britainiarrak lehen idazmakinaren patentea egin zuen. Baina ez dago argi makina bera eraikitzera iritsi ote zen. Pellegrino Turri italiarrak bai, idazmakina eraiki zuen 1808an. Ondoren, hainbat asmatzailek egin zuen bere prototipoa, baina Christopher Sholes estatubatuarrak sortutakoak izan zuen arrakasta.
Sholes-ek 1860ko hamarkadan sortu zuen makinak papera azpialdetik kolpatzen zuen. Teklak lerro luze bakarrean eta alfabetikoki ordenatuta zeuden. Azkar idazten saiatuz gero, hizkiak elkarren artean trabatzen ziren. Sakatutako lehen hizkia papereratu eta bere tokira itzultzen ari zela, bigarren hizkiak kolpatzen zuen, eta berriz ere lehen hizkia papereratzen zen. Ondorioz, EGUZKIA presaka idatzi nahi, eta EEEEEEE izan zitekeen emaitza.
Arazoa konpontzeko, hizkiak hiru lerrotan antolatu zituen Sholes-ek, alfabetikoki ordenatuta oraindik ere, baina hizkiak berdin trabatzen ziren. Beraz, bi neurri hartu zituen asmatzaileak. Lehenengo eta behin, hizkiek paperari aurrealdetik kolpatu behar zituela erabaki zuen, modu horretan akatsak berehala ikusiko zituen. Ondoren, trabatzeak saihesteko, hizkien antolaketa aldatzea erabaki zuen.
Ingelesez gehien erabiltzen ziren hizkiak zeintzuk ziren aztertu zuen Sholes-ek, eta, horren arabera, hizki horiek elkarrengandik urruntzeari ekin zion. Teklak ahalik eta gutxien trabatzea zen helburua, eta, beraz, motelago idatziko zuen tresna prestatu zuten, azkarregi joateak pilaketak eragiten baitzituen. Sholes-ek sei urte eman zituen bere makinarekin probak, aldaketak eta hobekuntzak egiten azken emaitza izan zuen arte.
Abiapuntuan alfabetoaren arabera antolatuta zuen teklatuan hainbat aldaketa egin arren, oraindik antzeman daiteke jatorri hori, bigarren lerroan adibidez: DFGHJKL. Egindako aldaketen artean, aipatzekoa da helburu komertziala izan zuen bat ere. R hizkia goiko lerroan jartzeko arrazoiak zerikusi gutxi izan zuen alfabetoaren ordenarekin, erabilera-maiztasunarekin edo trabatze-arriskuarekin. Saltzaileek, idazmakinaren funtzionamendua erakusteko, TYPE WRITER (idazmakina) idatzi ohi zuten, eta horretarako behar ziren hizki guztiak goiko lerroan zeuden, R izan ezik; beraz, zeregin horren lagungarri, R hizkia ere goiko lerrora igotzea erabaki zuten. Hala, saltzaileek azkar eta erraz idazten zuten adibidea eroslearen aurrean.
Sholes-en makinak lehia handia izan zuen XX. mendearen lehen hamarkadetan. Hainbat makina-mota merkaturatu ziren, baina Sholes-ena nahiko ondo prestatuta zegoen lehiarako: papera zilindrotan eskaintzen zuen, tintaz bustitako zintak, eta, oso garrantzitsua gertatu zena, mekanografia-eskoletan QWERTY teklatuetan hasi ziren irakasten.
Dvorak, hobea izan arren galtzaile
1932an, August Dvorak Pedagogiako irakasleak QWERTYren akatsak konponduko zituen teklatua plazaratu zuen. Mekanografia ikertu zuen, eskuaren fisiologia, hizkien erabilera-maiztasuna, bakoitzaren kokalekua, eta hori guztia kontuan hartuta, ingelesez idazteko hizkien antolaketarik egokiena diseinatu zuen bere idazmakinaren teklaturako. DSK (Dvorak Simplified Keyboard) teklatua bikaina zen, berehala ikasten zen erabiltzen eta abiadura handian erabiltzeko bidea ematen zuen. Ordutik mekanografia-abiadura errekor guztiak Dvorak teklatuekin egin dira.
Zenbait adituk diote hutsetik hasten den batentzat Dvorak teklatua erabiltzen ikastea 20 aldiz errazagoa dela, eta QWERTY teklatuetan akats-kopuru bikoitza egiten dela. Baina Dvorak agertu zenerako QWERTY nagusi zen merkatuan, enpresetan QWERTY erabiltzen zen, mekanografia-eskoletan QWERTY irakasten zuten, eta enpresa aurkariek ere teklatuaren QWERTY antolaketaren alde egina zuten idazmakinak saltze aldera. Gainera, krisi-garaia zen AEBetan, eta ez zegoen egoera idazmakina zaharrak bota eta berriak erosten hasteko moduan.
Bigarren Mundu Gerraren garaian, militarrek ikusi zuten Dvorak sistema hobea zela eta haren aldeko kanpaina egin zuten, baina QWERTYk bidea egina zuen ordurako, estandar bihurtuta zegoen eta itzalean geratu zen berriz ere Dvorak. 70eko hamarkadan berpiztu zen, berriz, Dvorak teklatuari buruzko interesa. Hainbat aldizkaritan artikuluak argitaratu ziren sistema horrek QWERTYren aurrean zituen abantailak erakutsiz, eta Smith-Corona idazmakina-etxeak Dvorak sistemako idazmakinak eskaini zituen bere katalogoan. Baina porrota erabatekoa izan zen, eta ez zuten ia alerik saldu. August Dvorak 1975ean hil zen, erabat atsekabetuta eta bere sistema bikainaren porrota ulertu ezinik.
Ordenagailuen aukera
1980an IBMk Personal Computer (PC) merkaturatu zuenean, teklatua QWERTY sistemarekin prestatuta zetorren. Apple IIe ordenagailua Dvorak sistema erabiltzeko aukerarekin prestatuta zetorren, baina Apple-k ez zion inori esan aukera hori nola baliatu. Apple IIc iritsi zenean erabiltzaileek bi teklatu-sistemak zituzten aukeran; nahi izanez gero, QWERTY erabili zezaketen, baina baita Dvorak ere. Baina oso erosle gutxik ezagutzen zuten Dvorak sistema eta gehienentzat oharkabean pasa zen. Windows aurreko sistemetan hasi zen Microsoft Dvorak teklatua erabiltzeko aukera eskaintzen. Gaur egun, Windows sistemako ordenagailu guztiek dute aukera hori.
Windows-en Dvorak teklatua erabili nahi badugu, hau egin behar da. Egin klik atal hauetan: Konfigurazioa Kontrol-panela Teklatua Hizkuntzak Propietateak. Hor, Estatu Batuak-Dvorak izenekoa hautatu eta teklatuak sistema horretan funtzionatuko du. Hori bai, nahasketak saihesteko, teklatuan pegatina batzuekin hizkien egokiera berria jartzea komeni da.
Linux sisteman ere ezar daiteke teklatuaren Dvorak konfigurazioa. Izan ere, gaur egun teklak nahi bezala konfigura ditzakegu, eta nahi dugun funtzioa eman diezaiokegu tekla bakoitzari. Ingurune grafikoan Xmodmap agindua erabiliz aldatzen da teklatuaren konfigurazioa; kontsolan, berriz, Loadkeys agindua erabiliz.
Aukera horiei esker, azken urteotan hainbat erabiltzaile egiten ari da Dvorak teklatuaren aldeko hautua, baina teklatu traketsaren, QWERTY-ren, nagusitasuna erabatekoa da, eta, oraingoz, horri ihesi egitea ia ezinezko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia