Taldearen segurtasuna
2001/03/11 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Animalia-espezieren bateko populazioa oso urria dela ikusten dugunean, babesteko planak egiten dira: animalia bera babestu eta ingurunea ere babestu egiten da. Eta horrekin, animaliak lasai-lasai egonda, ugaltzen hasi eta populazioa leheneratu egingo delakoan egoten gara. Baina askotan populazioak ez dira nahi bezala berreskuratzen eta beste zerbait pentsatu beharrean izaten dira ikerlariak.
Animalia-kopurua oso txikia denean, estrategia ona izan daiteke guztiak harrapatu eta gatibutzan, adibidez zooetan, ugal daitezen saiatzea, gauzak hobeto kontrolatu eta emaitza egokia ziurtatzearren. Baina, askotan, horrela ere ezin izaten da ugaltzea lortu, maiz, animaliak saiatu ere ez baitira egiten. Zer dela eta? pentsa dezake baten batek. Erantzuna nahiko erraza da: tokia eta elikagaiez gain, bestelako baldintza egokiak ere behar dituztelako.
Gizakia animalia soziala da. Oro har, taldean hobeto moldatzen da, baina taldean bizi ez diren gizonezko eta emakumezkoak ere ugaltzeko gai dira. Otsoa ere berdin, animalia taldekoia da eta taldea handia bada, harrapakin handiagoak harrapatuko dituzte. Baina badira kumeak hazi eta aurrera egiten duten bikote isolatuak ere.
Beste espezie asko, ordea, taldean ez badago edo taldearen tamaina behar adinakoa ez bada, ez da ugaltzeko gai. Adibidez, balea urdinak urtean zehar bakarka ibiltzen dira eta ugaltze-sasoia iristean, bikote bila hasten dira. Gutxiegi baldin badira, gutxiago ugalduko dira, guk ingurunea ondo zaindu eta espeziea babestu arren. Azken finean, bikotea aurkitzeko zailtasunak izango baitituzte.
Zeelanda Berriko kakapo loroaren kasua bitxiagoa da. Ugaltze-sasoian hainbat ar toki berean bildu eta kantuan eta erakustaldiak egiten hasten dira. Emeak toki horietara hurbildu eta egokiena iruditzen zaien arra aukeratuko dute. Behar hainbat ar biltzen ez bada, ez dute lortuko emeak erakartzea, eta emerik ezean, ezin ugaldu. Baliteke Europan ere antzeko zerbait gertatzea basoilarrari, azken urteotan asko urritu baita populazioa.
Behar bada, balearen eta kakapoaren arazoa kopuru-kontua izan daiteke eta, agian, arrak eta emeak elkarren ondoan jarrita ugalduko lirateke. Baina elkarri babesa emateko biltzen diren animaliekin gertatzen dena deigarriagoa da. Flamenkoak eta pinguinoak ez dira araldian sartuko, inguruan ugaltzeko gai den behar adina bikote ez badago. Jokaera hori duten espezieetan oso garrantzitsua da ugaltze-sasoia ondo sinkronizatua egotea, inguruan kume asko baldin badago, norberarenak bizirik irauteko aukera gehiago izango baitu. Dena den, estrategia hori egokia da populazioa ale askok osatzen duen bitartean, baina arazo bilaka daiteke edozein arrazoi dela eta ale-kopurua asko urritzen bada. Bai eta gatibutzan ugal daitezen nahi bada. Dirudienez, psikologiak garrantzi handia du. Horregatik da oso zaila flamenko eta pinguino-kopuru txikitatik abiatuta populazio egokiak lortzea edota gatibutzan ugal daitezen lortzea.
Afrikako likaonaren kasua ikusten zailagoa eta konplexuagoa da. Likaona Afrikako karniboro handietan desagertzeko arrisku gehien duenetakoa da: babestutako zenbait eremutan ere populazioak % 30 egin zuen behera, beste espezie batzuk ugaritu egin ziren arren. Likaonek bizitza sozial berezi samarra dute. Gazteak ugaltzeko adinera iristean, sexu bereko sei elkartu, taldea osatu eta jaio ziren taldetik alde egiten dute. Beste sexukoez osatutako talde sortu berri bat topatzean, biak elkartu eta guztietatik bikote nagusia zein izango den finkatzen dute.Bikote hori soilik ugalduko da eta gainerakoek ehizean eta kumeak hazten lagunduko dute.
Taldeak txikiegiak badira, hots, bikote ugaltzailea eta beste lau edo bost heldu baino ez badira, ez dago behar adina laguntzaile ehizean egin eta kumeak zaintzeko eta, beraz, kume gutxiago haziko dituzte.Era berean, kume gutxiago hazten bada, hurrengo belaunaldian ere talde egokia osatzeko arazoak izango dituzte, eta horrela belaunaldiz belaunaldi. Eta inguruan talde handiren bat ez badago, zail izango zaie populazioa ugaritzea.
Mangostak ere oso sozialak dira eta laguntzaileez baliatzen dira kumeak hazteko. Ikusi denez, taldeak txikiak direnean askoz ere kume gehiago hiltzen da. Eta, beraz, likaonen egoera berean leudeke.
Adibide hauekin eta beste hainbatekin ikusten dena da hainbat animaliaren babeserako ezin dela kopuru hutsekin jokatu eta bestelako baldintzak ere aintzat hartu behar direla. Zenbaitetan taldeak eskaintzen duen babesa da ugalketaren eta kumaldiaren arrakasta ziurtatuko duena. Taldea handia ez bada, bikoteak ugaldu ugalduko dira, baina agian ez dute arrakastarik izango eta kume asko hil egingo da. Beste zenbaitetan, ordea, ugalketarako ere behar-beharrezkoa da era bateko edo besteko taldea. Talde-mota hori izan ezean, ugalketarik ez. Alegia, naturan, "1+1 = X kume" ekuazioa ez dela beti betetzen, ingurunea egokia eta jakia ugaria izan arren.
IPAR AMERIKAKO USO MIGRATZAILEAREN AZKENA
Gurean uso-ehiztari porrokatu asko dago, ezin ukatu. Baina, nonbait, ez da hemengo kontua soilik. Uso migratzaileak hemen soilik ez dauden era berean.
Ipar Amerikan bazen uso migratzaileen espezie bat. Diotenez, 18. mendearen hasieran, kolonizazioaren hasieran alegia, kontinenteko ekialdeko zeruak erabat belzten ziren pase-garaian; hiru egun ere behar izaten zuen uso-taldeak toki jakin batetik pasatzeko. Eta ehiztariak gustura, nola ez. Nahikoa zuten eskopetak gora begira jarri, taldearen erdira apuntatu eta tiro egitea. Bakoitzean uso bat baino gehiago erortzen zen.
Zuhaitzetan pausatzen zirenean, adarrak hautsi egiten ziren pisuaren pisuaz. Kalkuluen arabera, 3-5 mila milioi ziren, inoiz izan den espezie bereko hegazti-kopuru handiena.
1890eko hamarkadan, ordea, ia iraungita zegoen uso-espezie hura. Askatasunean jada usorik ikusten ez zenean diru-sariak eskaini zituzten baten baten berri ematen zuenarentzat. Inork ez zuen sari hura jaso.
Uso gutxi batzuk zooetan zituzten, baina ez ziren ugaltzen eta 1914.eko irailaren 1eko eguerdiko 13:00etan hil zen azken usoa. Arrak eta emeak eduki eta ahaleginak egin zituzten arren, ez zuten ugal zitezen lortu. Seguruenik uso-espezie hartako bikoteek beste hainbat bikote ugaltzaile behar zituzten inguruan; edota euren ugaltze-zikloa egoki osatzeko, zooan zeuden usoak baino gehiago behar ziren.
Gara-ko Natura gehigarria argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia