}

Surfean Mundakako olatuan

2009/08/16 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Modan dagoen kirola da surfa. Gero eta zale gehiago ikus ditzakegu Euskal Herriko hondartzetan olatu gainean “dantzan”. Egunez, ilunabarrean, egunsentian... Eguzki-izpi txikiena ere aprobetxatzen dute surflariek euren kirola egiteko.
Martin Ugalde Urrutia

Hawaii uharteetan sortu zen surfa, eta, Estatu Batuetara zabaldu ostean, guganaino ere iritsi zen. Gaur egun, Euskal Herrian surfa nahiko zabaldua dago, kostalde oparoa baitugu, hala nola Zarautz, Mundaka, Zurriola... Mundakako hondartza, esaterako, surfaren paradisu da mundu guztiko surflari askorentzat. Hango ezker-olatuak han-hemengo jendea erakartzen du, eta oihartzun handiko munduko txapelketetako proba bat ere egiten da han urtero.

Ezker-olatua

Horrelako bideokamerek denbora errealean jasotako irudiez eta datuez baliatzen da sistema Mundakako ezker-olatuaren ezaugarriak aztertzeko.
Azti-Tecnalia

Zer du, bada, berezia Mundakako ezker-olatuak? Olatu berezia da, eta munduko hamar olatu onenetako bat da, surflarien esanean. Olatu luzea da. Horrek esan nahi du surflariek maniobra asko egin ditzaketela. Bestalde, Mundakako hondoa, hareazkoa bada ere, nahiko finkoa da, eta, hortaz, oso olatu garbi eta polita sortzen da; olatu oso tubularra, hain zuzen ere.

Duela urte gutxi batzuk asko idatzi eta hitz egin zen olatua desagertzearen inguruan. Ekosistemari eta klima-aldaketari egotzi zieten hasieran desagertzea, baina egindako zenbait ikerketak argi utzi zuten arazoa Mundakako itsasadarreko hondoko hondarren aldaketak eragin zuela. Laidako hondartzako dunak berreskuratzeko eta Murueta ontziolaren irteera errazteko dragatzea eraikitzeko egin zuten aldaketa hura, hain zuzen ere.

Olatuaren inguruko arazoa hurbiletik jarraitu zuten Mundakako herritarrek, eta zer esanik ez surflariek.
Martin Ugalde Urrutia

Hortxe dago, hain juxtu, Mundakako ezker-olatuaren gakoa: hondar-barrak eta itsasadarraren sedimentazioak hiruki bat osatzen dute, eta itsas lasterrek hirukiaren muturrarekin jotzen dutenean eratzen da olatua. Hondoko hondarren aldaketen ondorioz barra eta itsasadarraren isuria eraldatu zirenean, olatua ahuldu egin zen.

Kalitate-kontrola

Nolanahi ere, esamesak dioenez, naturak bueltan hartzen du berea dena, eta oraingoan ere hala izan da. Denboraren poderioz, hondar-barrak eta itsasadarrak jatorrizko ezaugarriak berreskuratu dituzte, eta ahuldutako olatua biziberritua da berriro ere aspaldi honetan. Bestela, galdetu surflariei edo Azti-Tecnalia zentro teknologikoko ikertzaileei. Izan ere, Mundakako olatuari buruzko ikerketa bat egin dute. Olatuen norabidea, altuera eta periodoa aztertu dituzte, bai eta haizearen norabidea eta indarra ere, mundu osoko surflarientzat hain preziatua den olatuaren kondizioak eta ezaugarriak ezagutzeko asmoz. Horretarako, 17 urtetako datuak erabili dituzte; 1991 eta 2008 artekoak, hain zuzen ere. Nolabait, olatuaren kalitatea denbora errealean aztertu ostean, ikusi dute zer egun eta zer ordu diren egokiak surfean aritzeko. Azterketen emaitzek diote urteko hiru egunetik batean Mundakako olatua ezin hobea dela surfa egiteko. Gainera, egun bakoitzean hiru ordutik gora aritzeko aukera dago, batez beste.

Horrez gainera, ondorioztatu dute neguko hilabeteetan gehiagotan aritu daitekeela surfean Mundakan, egunen erdietan baino gehiagotan, hain zuzen ere. Hilabete guztien artean, urtarrilean daude kondizio onenak Mundakan surfean aritzeko; zehazki, egunen % 62an aritu daiteke. Dena den, gainerako urtaroetan ere surferako egun askotxo egoten dira. Udaberriko hilabeteetan, adibidez, surf-saio onak egunen % 25-50ean egin daitezke. Surfa gustuko izanez gero ez dago aitzakiarik, beraz.

7k-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia