}

Supernoba zaharrenak argi egiten du oraindik

2009/01/11 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Max Plank institutuko astronomo batzuk paleontogo-lanetan aritu dira, eta orain dela laurehun urte gertatutako izar-eztanda baten aztarnak behatu ahal izan dituzte.
Honela ikusi dute astronomoek orain Tycho Brahek argi distiratsu baten gisa ikusi zuen supernoba. (Argazkia: Max Plank Astronomiarako Institutua )

1572ko azaroan, ‘izar berri bat’ agertu zen zeruan; argi distiratsu bat piztu zen bat-batean Cassiopeia konstelazioan. Askok eta askok liluratuta begiratu zioten argi horri, ordura arte inork ez baitzuen argi hori ikusi, gainerako izarrak baino distiratsuagoa baitzen, eta egun-argiz ere ikus baitzitekeen. Hamasei hilabetez izan zuten ikusgai, pixkanaka itzaliz joan eta begi hutsez ikustea ezinezkoa bihurtu zen arte.

Hala deskribatu zuen Tycho Brahe astronomo daniarrak: “Ohartu nintzen izar berri batek, gainerakoak baino distiratsuagoa zenak, ia nire buruaren gainean distira egiten zuela”. Stella nova izena eman zion izarrari. Gaur badakigu distira hori ez zela gertatu izar bat jaiotzen ari zelako, hiltzen ari zelako baizik.

Hain zuzen, supernoba bat, izar zahar baten eztanda bat, behatu zuten Brahek eta haren garaikide guztiek. Esne Bidean ikusitako eta berri emandako lehenengo supernoba izan zen. Garai hartan ez zekiten supernobak gertatzen zirenik ere. Are gehiago, uste zuten zerua aldaezina zela. Horregatik txunditu ziren bat-batean ezagutzen ez zuten argi bat ikustean. Eta, noski, ez zekiten ezer izarren jaiotzari edo heriotzari buruz, eta eman zioten interpretazioa ‘logikoa’ izan zen: izar berri bat ikusi zutenez, izar berri bat sortu zela jo zuten.

Tycho Brahe supernobak txundituta ageri duen irudia, 1884ko astronomia-liburu batetik hartua. (Argazkia: C. Flammarion )

Orain, laurehun urte geroago, badakigu supernoba bat izan zela distira hura, eta askoz informazio gehiago dute adituek hari buruz. Badakite nano zuri bat izan zela lehertu zena, eta leherketa hartan barreiatu ziren osagaiak segundoko ia 30.000 kilometroko abiaduran hedatu zirela.

Hil ondoko behaketa

Laurehun urte pasatu dira Tycho Brahek supernoba ikusi eta deskribatu zuenetik, eta, honezkero, ia-ia agortu da eztanda hartan askatutako energia, eta dagoeneko ezinezkoa da leherketari berari antzematea.

Zer ikusi dute, orduan, Max Plank institutuko astronomoek Tycho supernoba hori dela esateko? Bada, nolabait esateagatik, leherketa haren 'oihartzuna'. Astronomoek azaldu dutenez, nano zuriak eztanda egin zuenean, argia norabide guztietan hedatu zen, su artifizialek eztanda egiten dutenean bezalaxe; baina, noski, askoz eskala handiagoan.

Braheren garaian supernoba ikusi zutenek zuzenean Lurrerantz abiatu zen argia ikusi zuten. Beste norabide batzuetara hedatu zen argiak bere bideari jarraitu zion, eta Lurretik ezin izan zioten horri antzeman. Bide horretan, argiak errebote egin zuen izarrarteko hauts-partikuletan. Errebote egitean, argia berriz ere norabide guztietan hedatu zen, hasierako leherketan egin zuen bezalaxe, baina leherketa gertatu eta urte batzuetara.

Supernobak izan dituen faseak (goitik behera eta ezkerretik eskuinera): Eztanda egin zuenean argia hedatzen hasi zen, handik denbora batera argiak izarrarteko hautsarekin errebote egin zuen, eztanda egin zuen garaiko argia 1572an iritsi zen Lurrera, eta handik laurehun urtera, 2008an, izarrarteko hautsarekin errebote egindako argia. (Argazkia: Max Plank Astronomiarako Institutua )

Bigarren argi-hedapen hori Lurretik gertu pasatu denean ikusi ahal izan dute Max Plank institutuko ikertzaileek. Hori bai, oraingoan teleskopio bidez behatu behar izan dute, errebotean igorritako argia jatorrizko leherketan igorritakoa baino askoz apalagoa izan baita.

Horrelako metodoak erabiltzen dituzte astronomoek garai batean espazioan gertatutako fenomenoen berri izateko. Tycho supernoba bereziki baliagarria zaie astronomoei, beste batzuetan behatutako supernobak baino askoz hurbilago dagoelako (Esne-bidetik kanpo gertatzen diren supernobak behatzen dituzte askotan), eta, hortaz, askoz informazio gehiago eskura dezaketelako. Supernoba gertatu eta laurehun urtera oraindik badu zeresanik, bai horixe!

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia