Superkonputagailua, zikloiak iragartzeko
2010/09/19 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Ipar Atlantikokoei urakan deritze, Ozeano Barekoei, tifoi , eta Indiako Ozeanoan sortzen direnei, berriz, zikloi . Baina termino horiek guztiek fenomeno bera izendatzen dute: zikloi tropikala. Hala deritzo jatorri tropikaleko ekaitz-sistemari, presio baxuko erdigune bat eta haize bortitza eta euriteak eragiten dituzten trumoi-ekaitz ugari izaten dituenari.
Zorionez, gurean gertatzen diren ekaitzek, haize-boladek eta euri-jasek ez dute horrenbesteko kalterik eragiten. Munduko beste hainbat lekutan, berriz, bai. Datua argigarria da: 200 urteotan ia bi milioi lagun hil dira zikloien eraginez. Nargis-ek, esaterako, 2008an bortizki jo zuen Myanmar; 78.000 lagun zendu ziren, eta beste 56.000 bat desagertu.
Azken urteotan ez da falta izan halako hondamendiak aurreikusi, eta, ahal den neurrian, kalteak ekiditeko ahaleginik. Baina adituek diote sistema berriaren bitartez lor daitezkeen datuak beste oro baino zehatzagoak izan litezkeela.
AEBn, Maryland-eko Unibertsitateko kide batek zikloiak doitasunez aurreikusten dituen eredu informatiko bat garatu du. Horretarako, NASAren Pleiades superkonputagailuaren prozesamendu-gaitasuna eta datu atmosferikoak baliatu ditu.
Simulazioa
Nargis Myanmarrera iritsi aurreko datu atmosferikoekin, atzera begirako simulazio bat sortu du. Eta, dioenez, horri esker posible izan da zikloia bost egun lehenago iragartzea. “2008an simulazioa izan bagenu, zikloia aurretik hautemango genukeen; meteorologoek herritarrak ohartarazi, eta heriotza asko ekidingo ziratekeen”. Oraintsu iritsi da, ordea, hori ahalbidetuko omen lukeen metodoa.
Finean, konputazio-metodo aurreratu bat du oinarri. Haren bitartez, aldagai atmosferiko (haizearen abiadura, tenperatura edo hezetasuna, kasu) batzuen datuekin milioika ekuazio matematiko egiteko aukera dago. Gero, kalkuluek, datu digital bilakatuta, zikloiaren kokapenaren eta baldintza atmosferikoen inguruko informazioa eskaintzen dute.
Informazio hori mapa geografikoetan islatu, eta zientzialariek hori guztia alderatu egiten dute iraganeko fenomenoren baten (Nargis, kasu) inguruan behatutakoarekin, metodoaren doitasuna ebaluatzeko. Kasu errealaren emaitzak zenbat eta fidelago islatu, orduan eta ziurtasun handiagorekin egingo dituzte, noski, etorkizuneko iragarpenak.
Ikertzailearen ustez, urakanak iragartzeko “beharrezkoa” da hasierako baldintzak (airearen mugimenduak, tenperaturak eta prezipitazioak) ordezka ditzakeen eredu bat izatea, baldintza horiek maila lokalean zein mundu mailan nola eboluzionatzen duten eta elkarri nola eragiten dioten simulatzeko. Horrela, mugimenduan dagoen zikloia zehaztasunez irudikatuko lukete.
Pleiades superkonputagailua. (Argazkia: NASA Ames Research Center/David Robertson).
“Eremu handietan badakigu zer gertatzen den. Hortaz, bereizmen handiko simulazioak behar ditugu, eremu txikienetan ere zer baldintza dauden jakiteko. 2004az geroztik, hainbat mugarri zehaztu ditugu, eta, orain, lehen genituen ohiko klima-ereduena baino doitasun 10 aldiz handiagoko ereduak ditugu kalkuluak egiteko”, aipatu du.
Baliteke ereduak ez balio izatea zikloiak ez diren beste fenomeno batzuk aurreikusteko. Superkonputazioa metereologiaren zerbitzura jartzen duen sistema honek, ordea, beste iragarpen-metodo eta diseinu batzuk sustatzen lagun dezake.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia