}

Supereroale fin-fina

2002/09/03 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Iaz aurkitu zuten eta dagoeneko hasi da aplikazio praktikoetarako bidea egiten. Magnesio diboruro supereroaleaz ari gara. Material horrek txundituta utzi zituen joan den urtean zientzialariak. 39 K-etan (-234 º C-tan) egiten da supereroale, oso hotz guretzat, baina epel fisikarientzat.

Supereroaleek erresistentziarik gabe, hau da, energia-galerarik gabe elektrizitatea garraia dezakete, baina material gehienak zero absolutuaren inguruan bilakatzen dira supereroale. Tenperatura altuko supereroaleak bilatzea da fisikari askoren ametsa, eta magnesio diboruroa horietako bat izan liteke. Material hori edo antzekoak tenperatura apur bat altuxeagoan supereroale izatea lortuz gero, laborategitikk industriarako jauzia egin ahal izango litzateke. Nitrogenoa -196 º C-tan egiten da likido eta nahiko merkea da hori lortzea. Beraz, tenperatura horren inguruan supereroaleak diren materialak bilatzen dituzte ikertzaileek.

Baina ez da tenperatura magnesio diboruroaren muga bakarra. Zirkuitu elektronikoak eraiki ahal izateko, magnesio diborurozko geruzak egitea beharrezkoa da, eta orain arte ezinezkoa izan da. Baina, antza, Pennsylvaniako Estatu Unibertsitateko ikertzaileek arrakasta izan dute. Magnesio diborurozko geruza ultramehe eta leunak prestatu dituzte, merke eta erraz, gainera.

Aurretik garatutako metodoekin ez da kalitate oneko geruza leunik ekoizterik lortu. Borozko geruzak magnesiozko atmosferan lurrunduz, supereroale onak diren geruzak lortzen dira, baina azalera zimurtsukoak. Eta azalera zimurtsuak oztopo handia dira eraiki nahi diren zirkuituetarako. Magnesio- eta boro-lurrunak batera kondetsatuz, berriz, kontrakoa gertatzen da. Azalera leuneko supereroale txarrak lortzen dira.

Pennsylvaniako ikertzaileek bobina baten bidez magnesio-zatiak lurruntzen dituzte 700 º C inguruan. Gero, magnesio-lurrunari boro eta hidrogenozko konposatu batekin erreakzionarazten diote presio handian eta hidrogenozko atmosferan. Baldintza horietan magnesio diborurozko geruza perfektuak sortzen dira plateretan. Nonbait, arrakastaren sekretua hidrogenoak du. Geruzak magnesio oxidoz kontaminatzea eragotzi eta supereroankortasuna areagotzen du.

Informazio osagarria:
Supereroale metalikoen gorakada

Iraultza elektrikoaren oinarriak

Supereroankortasuna bero-bero

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia