Sumendiei esker erauzten dugu nikela
2009/11/24 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia
Sulfuroa garrantzitsua da oso nikel-metala erauzteko orduan; izan ere, hark elkartzen ditu nikel-atomoak. Horrenbestez, nikel sulfuroa da nagusi egungo nikel-hobietan. Baina, nondik dator sulfuro hori? Sumendietatik. Kanadako geokimikari-talde batek Australia mendebaldeko nahiz Kanadako antzinako zenbait arrokatan aurkitu du erantzun hori. Arroka horietan, sufrearen bi ezohiko isotopo aurkitu dituzte (sufre-33 eta sufre-32). Eguzkiaren argi ultramoreak soilik sor ditzake bi isotopo horiek, sufre dioxido gasa deskonposatuz.
Informazio horrekin guztiarekin ondorioztatu dute Lurrean gertatu ziren erupzio bolkanikoek sufre dioxido kantitate ikaragarriak igorri zituztela atmosferara. Eguzki-izpiek gas hori deskonposatu, eta sufrearen bi ezohiko isotopoak sortu zituzten. Sufre hori euriarekin iritsi da lurrazaleraino, eta, pixkanaka, itsas hondoan metatu da, sulfuro bilakatzeraino. Ondoren, sulfuro hori sumendietako magmaren nikelarekin nahasi da, nikel sulfuro mineralak emateko. Science aldizkarian eman dute hainbat hamarkada iraun duen prozesu luze horren berri.
Aurkikuntza honek erakusten du ozeanoetan, atmosferan nahiz lurrazalean gertatzen diren prozesuek zerikusia dutela mineralen eraketarekin.Irudia: Marco Fiorentini
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia