Sumendian gora, sumendian behera
2001/10/30 Elhuyar Zientzia
Lokatzezko sumendiaren erupzioak eta Teideren etorkizunak sumendiei buruzko xehetasunak ekarri dizkigute gogora.
Azerbaijanen dagoen Azeri lurraldeko sumendiak lokatzezkoak dira; izan ere, lurralde hartan ez dago ohiko sumendirik (mendi kraterduna, nolabait esateko). Duela sei hilabete, Kaspiar itsasoaren hondoan jarduera bolkanikoa izan zen eta, horren ondorioz, lokatzezko sumendiak sortu ziren.
Sumendi horiek maiz sortzen dira lurralde horretan. Oro har, oso erupzio txikiak eta arrisku gabeak izaten dituzte, eta, horregatik, ibilbide turistikoetan ere bisitatzen dira. Hala ere, hogei urtean behin, gutxi gorabehera, erupzio erraldoiak izaten dituzte. Eztanda handi bat gertatu ondoren 10 eta 20 metro bitarteko su-garrak ikusi izan dira horietako batean. Sua 15 kilometroko distantziatik ikusten zen.
Sumendi-mota hori ez da oso ezaguna munduan, baina Azerbaijanen, ordea, nahiko fenomeno arrunta da. Esate baterako, Zoroastroren erlijioaren sorrera lokatzezko sumendiekin erlazionatuta dago eta Azerbaijan izenak berak ere 'sua' hitzarekin zerikusia du persieraz.
Teide
Sumendiei buruzko beste albiste bitxia Kanariar irletatik dator. Han, geologo batzuek Teide sumendia ikertzen ari dira duela 15 urtetik. Teide espainiar estatuko mendirik altuena da (3.718 metro ditu), eta, zientzialarien arabera, oraindik hazkunde-fasean dago. Horrek ez du esan nahi, nahitaez, goraka haziko denik; aitzitik, mendia gehiago zabal liteke.
Adituen arabera, seguru asko hazkunde hori eten egingo da gaur egun duen orekak ez duelako luze iraungo. Dena dela, zientzialariek esan dute denbora horren laburtasuna eskala geologikoari dagokiola eta ez dela gure erreferentziaz neurtu behar.
Teidek ez du aspaldidanik erupziorik izan, baina ez dago hilda; sumendi horiek urteak egiten dituzte jarduerarik gabe.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia