Suizidioa Zergatik? Nola aurre egin?
1999/09/01 Callado Hernando, Luis Felipe Iturria: Elhuyar aldizkaria
Portaera suiziden intzidentzia, prebalentzia zein joera baloratzea oso zaila izan arren, suizidioari lotutako zenbait faktore badagoela ontzat jo genezake, zalantzarik gabe. Ildo horretan, suizidio-gertakarien lagin zabalak erabiliz egindako ikerketa epidemiologikoek portaera suizidari lotuta dauden arrisku-faktore sozial zein psikiatriko garrantzitsuak daudela adierazten dute. Arrisku-faktore horiek ezagutu eta konponduz gero aurrerapauso baliagarriak eman daitezke suizidioaren prebentzioan.
Gaixotasun psikiatrikoak
1959. urtean, Robins et al.-ek suizidioaren eta gaixotasun psikiatrikoen artean loturak badaudela frogatu zuten lehen aldiz. Ikerlari horiek egindako ikerketan, aztertutako suiziden % 94k bere buruaz beste egitean gaixotasun psikiatrikoren bat pairatzen zuela frogatu zuten. Haietako, % 45ek arazo afektiboak zituen eta beste % 23k alkoholismoa zuen diagnostikotzat. Beste hainbat ikerketak depresioa, alkoholismoa zein bestelako drogen gehiegikeria eta eskizofrenia suizidioarekin lotura handia duten gaixotasun psikiatrikoak direla baieztatu du.
Depresioa
Depresioa da, zalantzarik gabe, suizidioari maizen lotuta ageri den gaixotasun psikiatrikoa. Aldi berean, ontzat jotzen da depresio nagusia pairatzen duten gaixoengan suizidio-arriskua % 19koa dela. Horregatik, suizidioaren prebentzioa zaila izan arren, paziente deprimituen benetako suizidio-arriskua aztertzeko, gertakizun depresiboaren larritasun-maila zehazteak ezinbestekoa dirudi.
Gaixotasun depresiboen artean, depresio nagusia zalantzarik gabe diagnostikatu zitzaien pazienteen eta horretarako baldintza guztiak betetzen ez zituztenen arteko ezberdintasunak frogatu dira. Adibidez, bigarren multzo horretan, suizidioa, gizonezkoengan izaten da batez ere, sarritan, alkoholarekiko gehiegikeria edo menpekotasunarekin, nortasun-arazoekin edo depresioaren aurreko gaixotasun fisiko larriren batekin erlazionatuta dago. Aitzitik, depresio nagusia emakumezkoengan izaten da batik bat, eta kasu askotan, diagnostikoa bakarra izaten da.
Bestalde, depresio nagusiaren lehenengo hiru hilabeteetan edota errepikatzen diren gertaera depresiboetan suizidio-arriskua handiagoa omen da.
Gaixo deprimituek euren buruaz beste egitea eragozteko eta prebenitzeko jarraitu beharreko tratamenduaren eta beharrezkoa den laguntza psikiatrikoaren betebeharrak eztabaida gogorrak piztu izan ditu. Ikerketa batzuen arabera, oso garrantzitsuak dira depresioaren tratamendu psikologiko edota farmakologiko egokiak suizidiorako arrisku-faktoreak gutxitzeko.Hori kontuan hartuta, depresioaren aurkako tratamenduan farmakoren bat erabili beharko litzateke, batez ere suizidio-arriskua nabarmena den kasuetan.
Hori horrela izanda ere, Isometsä et al.-ek 1994an egindako ikerketan agerian jarri zuten benetako egoera zein den. Esaterako, depresioa zuten suiziden % 45a soilik zegoen tratamendu psikiatrikopean bere buruaz beste egin zuenean, eta % 3ak besterik ez zuen hartu depresioaren aurkako farmakoren bat dosi egokietan. Egindako beste ikerketa baten arabera, deprimituen erdia baino gehiago mediku batekin egon zen bere buruaz beste egin aurreko hiru hilabeteetan, baina haien erdiari soilik eman zitzaion depresioaren aurkako farmakoren bat, eta azken horien herenak soilik zeuzkan antidepresibo-aztarnak odolean autopsia egin zitzaionean. Datu horien guztien arabera, tratamendu eza, tratamendu desegokia edo tratamendua egoki ez betetzeak portaera suizida izatea erraz lezake. Era berean, diagnostiko egokiek zein depresioaren aurkako farmakoen bidez egindako tratamenduek gaixo deprimituen suizidio-arriskua nabarmen murrizten dutela frogatu da.
Alkoholismoa
Alkoholikoengan ere suizidio-kopurua populazio orokorrean dagoena baino askoz altuagoa da. Gaur egungo alkoholikoen suizidio-arriskua % 8-11koa dela argitaratu da, baina tratamenduan dauden alkoholikoengan % 3,4ra jaisten dela. Hala ere, hil baino lehen suizida alkoholikoen erdia baino gehiagok beste motatako gaixotasun psikiatrikoren bat pairatzen duela ere ageri da. Horren arabera, alkoholismoa eta beste motatako gaixotasun psikiatrikoen arteko elkarrekintza portaera suizidarako arrisku-faktore garrantzitsua da.
Sarritan alkoholismoa eta depresioa elkar lotuta agertzen zaizkigu, alkoholikoek depresioa pairatzeko arriskua alkoholiko ez direnek pairatzea baino bi aldiz handiagoa izanik. Bi arazo horiek sarriago izaten dira batera emakumezkoengan, baina gainera, agertzeko ordena ere generoari lotuta legoke. Esaterako, gizonezkoen % 78an alkoholismoa agertzen da lehenengo eta alkoholismo horren ondorioz deprimitzen dira. Emakumezkoengan, ordea, % 66an depresioa da lehenengo arazoa eta, ziur aski, depresio horrek bultzata alkoholismoa agertzen da hurrengo.
Bestalde, badirudi alkohol-neurrigabekeriak gazteen suizidioarekin zerikusi handia duela. Adibidez, euren buruaz beste eginda hil ziren gazte finlandiarren % 50ak detektatzeko adinako alkohol-maila zeukan odolean. Gazteengan, gero eta gehiago, alkohola ez ezik bestelako drogak ageri dira suizidioarekin lotura duten faktore garrantzitsuenetariko gisa.
Eskizofrenia
Eskizofrenia sarritan suizidioarekin erlazionatuta dagoen beste gaixotasun psikiatrikoa da. Eskizofrenia pairatzen duten gaixoek jende arruntak baino 10-20 aldiz suizidio-arrisku handiagoa dute, eta aldi berean, eskizofrenikoengan heriotz goiztiarraren arrazoi nagusietakoa suizidioa da. Arrisku hori gizonezko gazteengan handiagoa da eta, beste pertsonetan ez bezala, adinean aurrera joan ahala txikiagoa egiten da. Bestalde, gaixo eskizofrenikoen suizidio-arriskua ospitalean dauden bitartean txikiagoa da, baina ospitaletik atera ondoren bikoiztu egiten da. Gaixo eskizofrenikoek era askoz ere bortitzagoak eta normalean hilkorragoak erabiltzen dituzte beren buruaz beste egiteko.
Gehienetan eskizofrenian bi motatako sintomak agertzen dira: negatiboak (emozio eza, afektibitatea desagertzea, jendearekiko mesfidantza eta erlazio falta…) eta positiboak (haluzinazioak, asaldura, hiperaktibitatea, susmagarritasun paranoikoak…). Sintoma positiboak negatiboak baino nabarmenagoak diren heinean, suizidio–arriskua altuagoa izango da.
Tratamenduari dagokionez, urte askotan neuroleptikoak erabili dira eskizofreniaren aurkako aukerako farmako gisa. Zoritxarrez eskizofrenikoengan neuroleptikoekiko erresistenteak diren gaixo ugariz osatutako taldea dago, pazienteek suizidiorako arrisku handiago daukatelarik. Neuroleptiko atipiko deritzen farmako berriak erabiltzea izan daiteke eskizofreniko-talde horrentzako konponbidea. Horren froga, klozapinaz (neuroleptiko atipikoen lehen ereduaz) tratatutako gaixo eskizofrenikoen suizidio-arriskua % 85 jaitsi dela erakusten duen ikerketa dago. Dena den, eskizofreniaren arazo garrantzitsu eta larrienetarikoa ondorengoa da: gaixoak berak ez du bere buruaren gaixotasunaren inolako konzientziarik. Horregatik eskizofrenia pairatzen duten pazienteek sendagileekiko joera guztiz negatibo eta mesfidagaitza dute, eta horren ondorioz, normalean ez dute laguntza psikiatrikorik eskatuko. Gainera, tratamenduan hasita ere, eskizofrenikoek farmakoak hartu beharra eraso gisa ikusten dute eta, normalean, edozein aitzakiaren bidez tratamendua uzten saiatuko dira, bere buruaz beste egiteko arriskua areagotuz.
Arrisku-faktore sozialak
Aurreko guztiaz gain, portaera suizidarekin erlazionatuta egon daitezkeen zenbait faktore sozial ere badagoela frogatu da. Dirudienez, ezkongabea izatea edo bananduta egotea, langabetua izatea edo bakarrik bizitzea suizidioa bultza dezaketen egoera sozialak dira. Ildo beretik, adinak eta generoak ere portaera suizidarekin zerikusirik izan dezakete. Adibidez, suizidioa gehiago izaten da gizonezkoengan eta badirudi, salbuespenak salbu, eragina adinarekin batera handiagoa dela. Hala ere, azken boladan, gazteenengan, eta batez ere mutilengan, suizidio-tasaren igoera nabarmena somatu da. Adibide gisa, 1980 eta 1992. urte bitartean Estatu Batuetan, 15-19 urteko adin-tartean, suizidio-kopurua % 28 igo zen eta 10-14 urteko adin-tartean % 120. Gazteen kasuan familia-arazoak, ikasketa-arazoak eta gurasoengandik jasandako tratu txarrak dira, nabarmen, euren buruaz beste egiteko arrazoia. Pertsona zaharrak, aitzitik, isolamendu sozialak, bakardadeak eta jendearekiko komunikazio ezak bideratzen dituzte suizidiora.
Suizidioen kopurua gudaldietan txikiagoa da. Baina depresio ekonomikoko garaian asko igotzen da, pertsonen egoera ekonomikoa behera doan heinean suizidio-arriskua gora doalarik. Adibidez, Sobiet Batasuna desagertzearen ondorioz sortutako krisialdi ekonomikoa dela eta, Errusian suizidio-tasa % 4 igo da. Testuinguru honetan, inmigrante edo etorkinen suzidio-arriskua oso altua izango da, eurengan egoera ekonomiko txarrak, bakardadearekin eta bizi diren gizartearekiko isolamenduarekin bat egiten baitu.
Azkenik, suizidioa egunean zehar gauean baino gehiago izaten da; era berean astearen hasieran eta udaberrian sarriago izaten omen da.
Ondorioak
Laburbilduz, asko dira portaera suizidarekin zerikusirik izan dezaketen arrisku-faktoreak eta, badirudi, horiek ikertzea ezinbestekoa dela suizidioaren benetako prebentzioa lantzeko. Ezin dugu ahaztu, estatistikek diotenez populazioaren % 5ek bere bizitzan zehar behin, gutxienez, bere buruaz beste egitea pentsatu duela. Gainera bere buruaz beste egiten duen pertsona askok medikuarengana jotzen dute aurreko hilabete edo egunetan. Paziente bakoitzaren suizidio-arriskuaren balorazioak, pertsona horren osagai guztiak hartu beharko lituzke kontuan, buruaz beste egitea sahiesteko. Gainera, kasu gehienetan suizidak bere erabakia aditzera emango du lehenago. Horregatik suizidio-saioei arreta handia eskaini behar zaie, aurrerantzean horietako % 10ek benetako suizidioa burutuko baitu.
Oro har, osasungintzako profesionalek erne egon beharko lukete faktore horien guztien aurrean, kasu bakoitzean asistentzia edo laguntza berezitua beharrezkoa ote den baloratzeko eta pazientea ondoen dagokion moduan bideratzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia