}

Sugar-bolak espazioan

2002/08/26 Elhuyar Zientzia

Zein forma hartzen du suak grabitaterik gabe? Ezkerreko argazkian, grabitatearen eraginpean dagoen kandela bat dugu. Eskuinaldean, berriz, mikrograbitate-egoeran dagoen kandela bat. Sugarra oso ezberdina da. Mikrograbitate-egoeran sua borobila da, hortik sugar-bola izena.

Lurrean piztutako kandela baten sugarraren forma aski ezaguna da. Grabitateak suan duen eraginaren ondorio zuzena da: aire hotza garraren azpitik sartzen da eta berotzean gorantz egiteko joera du. Aire beroaren zirkulazioak ematen dio garrari forma. Grabitaterik ez balego, aire beroa ez litzateke gorantz igoko.

Mikrograbitate-egoeran, aldiz, aire beroaren zirkulazioak edo airearen beraren turbulentziak oso gutxi eragiten dio suari. Aireak ez du garraren barrualdean zirkulatzen eta errekuntza azaletik gertu dagoen geruza oso estu batean bakarrik gertatzen da. Hori dela eta, suaren forma iraunkorra da.

Gainera, sugarra oso txikia izaten da eta ia ez du argirik ematen. Konparazio bat egiteko, urtebetetzeetako kandela batek 50-100 watteko potentzia termikoa sortzen du, eta sugar-bola batek, berriz, 1-2 watt bitartekoa; beraz, askoz ere su ahulagoa du.

Eta, zertarako aztertu sua mikrograbitatean? NASAko zientzialariek diotenez, errekuntza geldoaren nondik norakoak aztertzeko modurik egokiena da mikrograbitatea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia