}

Sudurraren kolorearen araberako ehiza

2004/02/23 Elhuyar Zientzia

Sudur ilunak dituzten lehoiak baino ez hiltzeko proposamena egin dute ikertzaile batzuek lehoien populazioa babesteko.

Sudur ilunak dituzten lehoiak baino ez hiltzea proposatu dute ikertzaile batzuek lehoien populazioa babesteko. Sudurraren kolorea adinarekin lotuta dago, lehoiek adinean aurrera egin ahala gero eta orezta ilun nabarmenagoak baitituzte. Ikertzaileek uste dute sudurraren % 50 baino gehiago oreztaz beteta duten lehoiak bakarrik hilez gero, ehizaren eragina gutxitu egingo dela lehoi-taldeetan.

Ar gazte bat hiltzen badute, haren taldea beste lehoi batek hartzen du. Bigarren horrek, ordea, lehendik zeuden lehoikumeak hitzen ditu emeek berak ernaldutako kumeak baino zain ez ditzaten. Hori sarritan gertatzen bada, oso kume gutxi heltzen dira heldutasunera, eta lehoien populazioa asko gutxitu daiteke. Ikertzaileek esan dutenez, 5 urtetik gorako lehoiak hiltzen badira, populazioa ez da murriztuko, horien kumeak helduak direlako dagoeneko. Lehoiaren adina sudurraren pigmentazioa ikusita kalkula dezakete ehiztariek.

Ikertzaile-taldearen esanean, lehoien ehiza sustatzen dutenak ere proposamen horren alde egongo dira, denbora-pasa garesti horren diru-irabaziak mantentzeko beharrezkoa delako lehoiek bizirik irautea. Beste ikertzaile batzuen ustez, ordea, lehoien ehiza horrela arautzekotan, kontrol handia beharko da, ehiztari guztiek ez dutelako arduratsu jokatzen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia