Stevia, gozozaleentzako, eta hain gozozale ez direnentzako
2005/03/06 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Zalantzarik gabe gehien erabiltzen dugun gozagarria azukrea da, kanaberatik ateratako azukrea, alegia. Baina bestelako edulkoratzaileak geroz eta gehiago erabiltzen dira. Batzuek gizentzeko beldurrak bultzatuta erabiltzen dituzte, besteek osasunerako hobeak direlakoan, eta beste batzuek, halabeharrez, odoleko azukre-maila kontrolatu behar izaten dutelako.
Dena den, ez dago arazorik azukrearen ordez beste gozagarri batzuk erabiltzeko, baina abantailak eta trabak guztiek dituzte. Gainera, zer eta nola hartzea komeni den pertsona bakoitzaren nahiaren eta osasun-egoeraren araberakoa ere bada.
Bizitza gozatzeko
Aukeran daude ohiko azukrea (azukre-kanaberatik edo erremolatxatik aterea) eta eztia, fruktosa eta sakarosa (diabetikoentzako egokiak direnak, neurrian hartuta betiere), sakarina... Eta beste hainbat gozagarri ere badaude, baina gehienbat elikagaien industrian erabiltzen direnak: sorbitola (azukrerik gabeko txikleetan jartzen dute), xilitola,laktiola...
Eta bada gure artean hain ezaguna ez den edulkoratzaile bat: estebiosidoa deitzen da, eta Japonian, adibidez, asko kontsumitzen da. Stevia rebaudiana (Stevia, laburtuta) landaretik ateratzen den ale zuri txikiak dira, eta, beraz, edulkoratzaile naturala da. Azukrea bera baino askoz ere gozoagoa da gainera; hirurehun aldiz gozoagoa, zehatz esateko. Eta hori bada zerbait.
Hain gozoa izateak zaildu egiten du neurria hartzea. Pentsa, kafeari bi koilarakada azukre gehitu ohi badizkiogu, hirurehun aldiz kantitate txikiagoa neurtu beharko genuke. Ez da erraza, ezta? Hori dela eta, gozagarri hau normalean diluitua saltzen dute. Eta non saltzen duten? Bada, gure herriko dendetan ez duzu aurkituko; izan ere, Europako Batasunean saltzeko baimenik ez du lortu.
Dirudienez, duela bost bat urte Stevia Europan merkaturatzeko baimen-eskaria egin zen, baina horretarako aurkeztu zuten txostenean datuak falta omen ziren, eta ez zituen gainditu administrazioak elikagaien segurtasuna bermatzeko ezarriak dituen baldintzak.
Dena dela, gozagarri hori guztiz segurua dela aldarrikatzen du ikertzaile askok, eta Lovainako Unibertsitateko (Belgika) ikertzaile-talde batek liburu bat idatzi du Steviaren kontsumoaren segurtasunaren gainean. Beraz, pentsatzekoa da lehenago edo geroago Europan ere merkaturatuko dela, eta edulkoratzaile bat gehiago izango dugula aukeran.
Edulkoratzaile perfektua?
Estebiosidoaren ezaugarrietako bat aipatu dugu: oso-oso gozoa da. Izan ere, ez diote alferrik deitzen ‘munduko landarerik gozoena’ Stevia rebaudiana -ri. Jatorriz Brasilen eta Hegoamerikako beste herrialde batzuetan hazten da, eta guarani indigenek mendeetan erabili izan dituzte haren hostoak matea gozatzeko eta abar.
Noski, estebiosidoa bera erabili beharrean, landarearen hosto xehatuak ere erabil daitezke, konposatu gozo hori hostoetan pilatzen baita gehienbat. Hostoak ez dira estebiosido hutsa bezain gozoak, baina, ez pentsa, hala ere, azukrea baino hogei-berrogei aldiz gozoagoak dira.
Baina hain gozoa izateaz gain, estebiosidoak —eta baita Steviak ere—baditu beste ezaugarri berezi batzuk. Esate baterako, ez du odoleko glukosa-maila igotzen, eta, horrekin erlazionatuta, ez du gizentzen. Kaleko hizkeran esaten den bezala, ez du kaloriarik; izan ere, urdailak eta hesteek ez dute xurgatzen, eta gorputzean sartu bezala irteten da neurri handi batean.
Horrek alde txarra ere izan dezake, noski: gure gorputzak ezin du energia bihurtu, eta, beraz, gozagarri hori ez da elikagarria. Ezaugarri hori oso kontuan izan beharko da haurrei ematen bazaie, esate baterako.
Oso gozoa dela esan dugu, eta ez duela gizentzen, baina, horretaz gain, txantxarrik ere ez du eragiten, eta tenperatura altuetan ere egonkorra denez, sukaldean erabil daiteke opilak eta bestelako postreak egiteko. Oro har, azukrearen lekua har dezake edozer gauza prestatzen denean sukaldean.
Tira, azukrearen funtzio guzti-guztiak ezin ditu bete erretakoan ez baitu kolore nabarra hartzen; eta, beraz, ezingo dugu erabili flanarentzako karamelua egiteko, esate baterako. Baina gainerakoan, diotenez behintzat, gozo-zaporea ez du galtzen berotzerakoan, beste edulkoratzaile batzuek ez bezala, eta, beraz, azukrea ordezka dezake.
Ezaugarri horiek ikusita, gozagarri perfektua dela pentsa dezake norbaitek. Baina gogoratu perfekziorik ez dagoela. Bizitzako beste alderdi guztietan bezala perfekzioa begiratzen duenaren araberakoa da. Eta ‘perfektu’ hitza baino aproposagoa da ‘egoki’ hitza erabiltzea: batzuentzat gozagarri egokiena izango da Stevia, beste batzuentzat, aldiz, ez.
Japonian duen arrakasta ikusita, esan daiteke jende askorentzako dela egokia; japoniarrek erabiltzen dituzten edulkoratzaile guztien % 40 inguru Stevia landarea edo estebiosidoa da. Eta horrek zerbait esan nahi du. Gurean oraindik ez daukagu eskura, eta iristen denean erabakiko dugu.
7K-n argitaratua.