Stardust-en kometak ezusteko jatorria

Stardust misioak kometa baten hautsa Lurrera ekarri eta, horren bitartez, kometa horren jatorria ezagutzea zuen helburu, Wild 2 kometarena, hain zuzen ere. Bada, misioa arrakastatsua izan da: 2004an kometaren hauts-partikula batzuk jaso zituen Stardust zundak, eta 2006ko urtarrilean Lurrera itzuli zen.

Orain, zundak ekarritakoak aztertu dituzte NASAko adituek, eta ezustekoa jaso dute. Izan ere, kometa gure eguzki-sistematik kanpora sortua zela uste zuten, eguzki-sistema bera sortu baino lehenago. Baina kometaren hautsak beste zerbait dio. Hautsa aztertzen hasi zirenean sortu ziren lehenengo zalantzak, eta orain ziur esateko moduan dira: kometaren zati handiena Eguzkian sortua da, Eguzkia sortzen ari zenean, hain zuzen ere.

Aurkikuntza horren aurrean, adituak aho bete hortzekin geratu dira; izan ere, aurkikuntza ez dator bat eguzki-sistemaren sorrerari buruzko teoria eta ereduekin.

Nagore Rementeria Argote

Elhuyar Zientzia Kimika Zientziak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean eta zientziaren eta teknologiaren dibulgazioan ari da 2003ko otsailetik Elhuyar Fundazioan.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian erredaktore lanak egiteaz gain, irratian ere aritu izan da: aurkezle gisa egin zituen hainbat urte Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrillean Guillermo Roarekin batera.  Gaur egun Teknopolis telebista-saioko erredaktorea da,  ETBrentzat Elhuyar Fundazioak ekoizten duen saioan.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali