Sputnik-ek 50 urte
2007/10/01 Txintxurreta Agirre, Arantxa - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
II. Mundu Gerran, Wernher von Braun zientzialari gazteak, beste hainbat zientzialarirekin batera, V2 misila sortu zuen, Alemaniak Londres bonbardatzeko erabili zuen horietako bat. Herrialde guztien inbidia sortu zuen horrek. Hala ere, Alemania guda galtzen ari zen. Eta errusiarrak hurbiltzen ari ziren. Haien beldur, 1945eko maiatzaren 2an, von Braunek eta beste 525 pertsonak beren buruak estatubatuarren esku utzi zituzten. Baina ez ziren esku-hutsik joan: berekin eraman zituzten hainbat material tekniko, artxibo eta ehunka V2 egiteko tresneria. Errusiarrak iritsi zirenerako, hondarrak eta bigarren mailako zientzialariak baino ez ziren geratzen.
Guda amaituta, mundua bitan banaturik geratu zen; eta mundu bi horien muturretan, AEB batetik eta SESB bestetik. Bi mundu, bi ideologia, bi kultura; ongi bereizitako bi bando, isilpekoa zen guda berri batean. Haien arteko lehiak kosmosera eraman zuen gizakia, lehen aldiz.
Estrategia militarra
Estatu Batuetan, von Braun; Sobietar Batasunean, Korolev. Bien ezkutuko ametsa zen noizbait espaziora iritsiko zen kohete bat eraikitzea. Baina, bitartean, misilak garatzen aritu ziren, Eisenhowerren aginduetara bata, eta Stalinenera lehenengo eta Khrustxev-enera ondoren bestea. Ikusi zuten V2 misilak egokiak zirela lehergaia garraiatzeko, nahiz eta haien diseinua dezente oinarrizkoa zen. Orduan, 50eko hamarkadan, atomoa zen armarik preziatuena, eta misilek bide ezin hobea ziruditen lehergai atomikoak garraiatzeko.
Von Braunek garatu behar zituen misilak arinak eta txikiak izan behar zuten, hegazkinetan garraiatzeko modukoak. Distantzia laburreko misilak garatu behar zituen, hasiera batean. Berdin zitzaien haien misilak distantzia luzeak egiteko gai ez baziren: AEBek aliatuak zituzten mundu osoan, eta aliatu haien baseetatik misilak garraiatuko zituzten hegazkin bonbaketariak atera zitezkeen. Ordurako estatubatuarra zen von Braun, eta Estatu Batuetako Armadarako ari zen lanean. Talde bateko buru jarri zuten. Hamarkada hartan bertan, behin eta berriz esan zien Estatu Batuetako agintariei Lurretik at joango zen satelite artifizial bat bidali nahi zuela. Ezezkoa jaso zuen guztietan. Kostea handiegia zela, arriskutsua zela, eta proiektua justifikatzeko adinako etekin zientifikoa ateratzerik ez zegoela. Von Braunek gerran erabilitako teknologian oinarrituta diseinatutako Orbiter programa baliatu behar zuen satelitea orbitan ipintzeko, eta hori ez zen batzuen gustuko, antza.
Munduaren beste aldean, Sobietar Batasunean, Korolev-ek ere misilak diseinatzen ziharduen. Han, aliaturik ezean, urrutira nola iritsi zen kezka, ozeanoa gurutzatuz Estatu Batuetaraino, adibidez, nola iritsi. Korolevek indar handiko motorrak behar zituen misil bat jaurtiko bazuen horren distantzia luzera. Glushko ingeniariari laguntza eskatu zion. Berehala hasi zen hura motor egokia diseinatzeko lanean. RD-107 sortu zuen. Handik gutxira, Korolevek kontinente arteko munduko lehen misila jaurti zuen. 1957ko abuztuaren 21a zen. Misilaren izena: R7.
Kontinente arteko misilak (ICBM deitzen zaie) milaka kilometrora irits daitezke; ibilbide balistikoa egiten dute, eta horrek atmosferatik at eramaten ditu. Armak jaurtitzeko ez ezik, atmosferatik at zerbait jaurtitzeko egokiak izan zitezkeen. Eta, R7 izan zen, hain justu, Sputnik satelitea orbitan jarri zuen kohetea. Korolevek ametsa bete zuen.
Von Braunek Korolevek baino geroago bete zuen ametsa. 1958an estatubatuarrek Explorer-1 jaurti zuten, haien lehen satelite artifiziala, von Braunek eta haren taldeak sortutakoa. Izan ere, urte batzuk lehenago, von Braunen burugogorkeriari esker eta hainbat taldek erakutsitako interesa zela medio, AEBko agintariek argi berdea eman zioten satelitea sortzeko proiektuari. Baina, von Braunen zoritxarrerako, ez zuten Orbiter programa jarri martxan, Vanguard proiektua baizik. Proiektu horrekin Vanguard TV-3 bidali nahi izan zuen espaziora, estatubatuarren lehen satelitea. Baina lehertu egin zen. Horren ostean etorri zen Explorer-1 , Sputnik baino bi hilabete geroago.
Nolakoa zen Sputnik ?
Sputnik aluminiozko gorputz esferiko bat zen, saskibaloiko baloia baino handiagoa (58 cm-ko diametroa zuen). Hermetikoki itxita zegoen, eta presiopean zegoen nitrogenoa gordetzen zuen bere baitan. Lau antena teleskopiko ateratzen ziren esferatik, bibote luzeak balira bezala: datuak transmititzeaz eta ordenak jasotzeaz arduratzen ziren. Barruan bi irrati-transmisore zeramatzan, bateria elektrikoek elikatzen zituztenak. Transmisoreek nahiko indar bazuten Lurretik seinalea jasotzeko, eta mundu osoko irratizaleek entzun zituzten 0,3 segundotik behin bidaltzen zituen bip-bip haiek. 20.007 eta 40.002 MHz-eko maiztasunean emititzen zuten. Guztira 83,6 kiloko pisua zuen.
Gizakiak eraikitako lehen satelite hark ikerketa zientifikoa egin zuen. Atmosferako goiko geruzen hainbat ezaugarri aztertu zituen. Esaterako, irrati-seinaleen azterketatik, ionosferako elektroien kontzentrazioari buruzko informazioa atera zuten. Dentsitatea ere kalkulatu zuten. Meteoritoen presentziaren berri ere jaso nahi zuten, eta horretarako zeraman Sputnik-ek presiopean zegoen nitrogenoa: meteorito batek satelitearen kontra talka egin izan balu, presioa jaitsi egingo zen, eta sortutako tenperatura-aldaketak salatu egingo zuen hura. Ez zen talkarik gertatu, ordea. Bestetik, goi-atmosfera ikertzeko ez ezik, instalatutako ekipoen eta klimatizazio-sistemaren portaera ikusteko ere balio izan zuek Sputnik-ek.
Hogeita bat egunez aritu zen irratiz informazioa bidaltzen, metagailuen karga bukatu zen arte. Baina Sputnik ez zen Lurraren atmosferara sartu 1958ko urtarrilaren 3ra arte. Hau da, 92 egunez ibili zen munduari biraka; 1.367 orbita egin zituen Lurraren inguruan, gutxi gorabehera 70 milioi kilometro. 96 minututik behin bira ematen zion Lurrari, eta, orbitatzean, gure planetatik 938 km-ra urrundu zen eta 214 km-ra hurbildu. 1958ko urtarrilaren hirugarrenean, kiskalita geratu zen, atmosferara sartu zenean. Huraxe izan zen Sputnik-1 en amaiera. Huraxe beste gertaera askoren hasiera.
Sputnik-en ondorengoak
Sobietarrentzat, arrakasta izan zen Sputnik; estatubatuarrentzat, beldur-iturri. Izan ere, satelite artifizial hartan arrisku atomiko handia ikusi zuten amerikarrek. Eta espaziorako programa berrantolatu egin zuten goitik behera. Horrek NASAren sorrera bultzatu zuen, eta 1969an gizakia Ilargia zapaltzera eraman zuen.
Hainbat urtean AEBk eta Sobietar Batasunak bakarrik izan zituzten espazio-programa zehatzak, baina 1973an Europan espazio-agentzia bat sortzeko erabakia hartu zuten, eta ESA ( European Space Agency ) sortu zen. Ordutik, hainbat zunda jaurti da Saturno, Artizarra, Ilargia, Jupiter, Eguzkia eta espazioko beste hainbat txoko ezezagun ikusteko eta ezagutzeko. Parisen du egoitza nagusia ESAk, eta Europako 17 herrialdek osatzen dute.
1991n Sobietar Batasuna desegin egin zen, eta baita haien programa espaziala ere. Hala ere, Errusiak badu bere programa, eta hori Errusiar Espazio Agentzia Federalak (RKA) eramaten du aurrera. Estatu Batuetako espazio-agentzia NASA da oraindik ere. Haiez gain, munduko herrialde ugarik du, gaur egun, espazioari eskainitako agentzia bat (Japonia, India, Ipar eta Hego Korea, Argentina, Australia, Brasil, Kanada, Kolonbia, Nigeria, Israel...) baina guztien artean nabarmentzekoa da Txina: herrialde horrexek bakarrik eraman du gizakia espaziora, AEBz eta Errusiaz gain, jakina.
Ikusten denez, Sputnik-ekin hasi zen espazioa konkistatzeko lehia puri-purian da oraindik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia