Arturo Elosegi Irurtia, ekologoa

None

Sortu


Donostiako Tabakaleran izan zen, duela zenbait urte. Naturazaleak eta sortzaileak ingurumenaz hitz egiteko bildu gintuzten. Areto handi batera sartu, eta mahai borobil mordoska baten bueltan zine-zuzendariak, idazleak, eskultoreak... eta naturazale batzuk: ikertzaileak, ekologistak eta gisa horretako jendea.

Antolatzailea agurtzera etorri zitzaidan. Galdetu nion ea naturazale edo sortzaile moduan gonbidatu ninduten. Harridura aurpegia. Galdera errepikatu nuen, orain polikiago. Berriro ulertu ezin. Hirugarrenez, naturazaleak sortzaileekin bildu beharrean, ez ote zitezkeen naturazale sortzaileak bildu. Oraindik ulertzen ez. Naturazalea naizela, bai, baina nire burua sortzailetzat ere badudala esan nion orduan. Adarra jotzen ari nintzaiola ohartu denaren aurpegia jarri zuen, eta beste gonbidatu ez hain eskertxarreko batzuk agurtzera egin zuen ihes.

Barkatuko didazue, baina sortu aditzak, sormen izenak eta sortzaile izenondoak azken aldian gurean hartu dituzten esanahiek neure onetik ateratzen naute. Prentsa idatzian, irratian zein telebistan, sortzaile bat aurkezten duten aldiro edozein motatako pertsona ekarriko dute, baina inoiz ez zientzialari bat. Izan liteke bertsolaria, idazlea, zine-zuzendaria, diseinatzailea, modista edo nik ahal dakit zer. Guztiekin luze eta zabal analizatuko dituzte sortzailearen motibazioak, sormen-prozesua (prozesua, horra beste hitz gorrotagarria), sortutako horren esanahi sakona, gizarteak harekiko izan duen jarrera eta etorkizuneko asmoak. Zientzialari bat gonbidatzen badute, berriz, kazetariak, gaiaz tutik ez dakiela (eta ez zaiola asko axola) azpimarratu ondoren, zientzialariaren lanak dituen ondorio praktikoei buruz galdetuko du. Kitto.

«Sortzaile bat aurkezten duten aldioro edozein motatako pertsona ekarriko dute, baina inoiz ez zientzialari bat»

Ez gaizki ulertu: ume-umeetatik bertsolariak mirestu ditut, literaturak liluratzen nau, pelikula batzuk hunkigarriak egiten zaizkit eta zenbait margolariren lanak txunditu izan naute. Baina Donostian instalatu berri duten ordenagailu kuantikoaz, haren prezioa eta erabilgarritasuna bakarrik aipatu dituzte, ez hura imajinatzeko behar izan den sormen harrigarria, hura diseinatu dutenen sormen-prozesua nolakoa izan den. Duela hamarkada gutxi batzuk espekulazio hutsa zena, benetan imajinatu eta eraikitzeko, zenbat kontzeptu eta tresna berri ez ote dira sortu behar izan?

Eta ordenagailu kuantikoaz diodana, berdin esan nezakeen kosmologiako azken artikuluaz, biziaren sorrera ikertzeko egindako esperimentuez edo COVID-19aren aurkako txertoak sortzeko lanez.

Maila horretako zientzia egitera inoiz iritsiko ez garenon kasuan ere, zenbat lan esperimentu bat diseinatzen? Nolako buru-janak hipotesi bat probatzeko modua bilatzen? Zenbat ariketa gure sormena zorrozten? Badakizu nire azken proiektuetan egin ditudan lanetatik zerk eman didan buruhausterik gutxien? Logoa diseinatzeak.

Arturo Elosegi Irurtia, ekologoa

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali