Solomon Benatar mediku hegoafrikarrak globalizazioa aztertu du gaur Donostian
2001/07/03 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Hegoaldeko herrialdeetako egungo egoera, Afrikakoa batez ere, globalizazioarekin batera datorren filosofiak eraginda dago.
Gaur, Donostiako Miramar Jauregian, Solomon Benatar mediku hegoafrikarrak osasunaren esparruko etikari buruzko hitzaldia eman du. Lehenik, globalizazioaren alderdi baikorra eta ezkorra aztertu ditu. Azterketa hori XX. mendearen ekarpenen bildumatik abiatuta garatu du.
Isaiah Berlin-en hitzetan, XX. mendea mendebaldeko historian menderik okerrena izan da. Inoiz baino hilketa gehiago izan dira, arma berriak metatu (nuklearrak barne), populazioaren kontsumo-mailaren hazkuntzak esponentzialak izan dira, aberatsen eta pobreen arteko aldea asko handitu da, errefuxiatu-kanpamendu asko sortu behar izan dira eta, azkenik, osasun-arazo larri berriak sortu dira.
Benatarrek gogoratu du ingurugiroaren eta populazioaren egoerak direla-eta elikagaien produkzioaren banaketa berria eragin duela. Txoko ekologiko berriak daudenez, gaixotasun infekzioso berriak ere sortu dira eta organismo batzuk botikekiko erresistenteak bilakatu dira. Bestalde, herri garatuetan gainditutzat jotzen diren hainbat gaixotasun arazo larri dira Afrikan. Horren adibidea tuberkulosia da.
Mundu mailan osasunaren etikari jarraitzea ezinbestekoa dela aldarrikatu nahi izan du Solomon Benatarrek eta, neurri batean, Europan eta Estatu Batuetan handikeriak kritikatu nahi izan ditu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia