Soinuaren abiadura gainditu nahi
1997/11/01 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Lau gurpileko ibilgailuak aspaldi hasi ziren abiadura-markak hautsi nahian. Lehen automobila Parisen aurkeztu eta handik bederatzi urtera (1898. urtean) Chasseloup-eko kondeak 63 km/h-ko marka lortu zuen. Jeantaud markakoa zen ibilgailua eta motore elektrikoak eragiten zion.
1902. urtean lurrinezko motorea zuen “Serpollet” automobilak orduko 120 kilometro egin zituen. 1925. urtean berriz, Campbell britainiarrak 240 km/h-ko abiaduraraino igo zuen marka, eta hamar urte geroago 480 km/h-ko abiaduraraino. Lau urte barru (1939. urtean), John Cobb-ek muga 593,5 km/h-tan utzi zuen eta hortik aurrera errekor hobeak ezartzea zaila izan zen. 1947. urtean John Cobb berak 637 km/h-ko abiadura lortu zuen, baina ibilgailua platuxa bezain zapala eta hegazkin-hega bezain zorrotza zen. Gainera 1.000 kW potentziako bi hegazkin-motore zituen bultzatzeko. Abiadura horretan arazo nagusia ibilgailuak airearekiko zeukan erresistentzia zen.
1939. urtean Daimler-Benz etxeko injineruek 2.600 kW potentziako ibilgailu aerodinamikoa diseinatua zuten, 700 km/h-ko abiadura lortuko zuen itxaropenetan. Bigarren Mundu Gerra medio proiektua bertan behera geratu zen.
1964. urtean, Donald Campbell-ek bere bolidoa 3.700 kW potentziako turbinaz hornitu zuen eta 648,7 km/h-ko abiaduraraino heldu zen. Hurrengo urtean ordea, Bob Summers-ek Estatu Batuetan 655,7 km/h-ko marka egin zuen ibilgailu arinagoa erabiliz. Chrysler-en lau motorek eragiten zioten, guztira 1.800 kW-eko potentziaz.
500-1.000 km/h-ko abiadurak
Bitartean Graig Breedlove estatubatuarrak beste bide bati heldu zion. Hegazkinak automobila baino azkarrago joaten direlako eta helize-hegazkina baino erreaktore-hegazkina azkarragoa delako, hiru gurpileko txasisaren gainean turborreaktorea ipinitako ibilgailua prestatu zuen. Utah-ko Laku Gazi Handian 657 km/h-ko abiaduraraino heldu zen, baina Nazioarteko Automobil Federazioak ez zuen marka hori onartu.
Izan ere, Breedlove-ren ibilgailua erreaktoreak tiratako atoia zen, ez gurpil eragileak zituen automobila. Dena den, berehala antolatu zen Nazioarteko Motoziklisten Federazioa eta kategoria berria estreinatu zuten; erreakzioz propultsaturiko sidekarrena, hain zuzen.
Hala ere, errekorra homologatzeko baldintzak lehengoak ziren: bi norantzatan milia bateko distantzia (1.609 metro) ordubeteren barruan korritu behar da. Milia horretatik aparte ibilgailuak aurretik nahi adinako distantzia du azeleratzeko, eta ondoren ere bai balaztatzeko. Bi igaroaldietako batez bestekoa da homologatzen den marka; ibilgailuaren aldiuneko abiadura maximoa baino txikiagoa, beraz. Gainera, gutxienez aurreko markak baino % 1 gehiago izan behar du berriak kontuan hartzeko.
Aipatutako saiakuntzak egiteko leku apropos gutxi dago munduan. Lehortutako gatz-lakuak izaten dira normalean: Estatu Batuetako Nevada-ko Black Roc, Utah-ko Laku Gazi Handia edo Australiako Eyre lakua.
1963. urtean lurgainean azkarren ibilitako gizakia 26 urteko Craig Breedlove zen, bere 657 km/h-ko abiadurarekin. Hurrengo urtean Art Arfons-ek Green Monster izeneko antzeko ibilgailuan marka 863,8 km/h-raino igo zuen, baina 1965. urtean Breedlove-k aurrea hartu eta 893,2 km/h-ko abiadura lortu zuen. Lau egun geroago Arfons-ek marka 927,9 km/h-raino igo zuen eta astebete geroago Breedlove-k 966,6 km/h-raino.
Soinuaren abiaduratik hurbil
1970. urtean Gary Gabelich hasi zen lehian. Blue Flame izeneko ibilgailua prestatu zuen kohete-erako motorea erantsita. Propultsio horrekin 1.001,6 km/h-ko abiaduraraino heldu zelako, marka ikaragarri hark hamahiru urtez iraun zuen. Izan ere, 1983. urtean Richard Noble britainiarrak erreaktoreaz bultzatako ibilgailuan 1.019,47 kilometro orduko egin zituen.
Handik aurrera talde bat baino gehiago aritu da marka hori hautsi nahian eta, batez ere, soinuaren abiadura lortu nahian. Arazoak ordea, ez dira nolanahikoak. Gurpil gainean ibilgailua 600 km/h-ko abiaduratik gora doanean orekari eustea eta balaztatzen denean ibilbideari zuzen eustea zaila da. Horrez gain, soinuaren abiadurara hurbildutakoan arazo aerodinamiko larriak izaten dira. Hegazkinetan arazo horietaz bada eskarmenturik, baina lurrean laborategiko saiakuntza eta simulazioez gain benetako probarik ez da oraindik egin.
Arazo larriak talka-uhinengatik
Beste ezer baino lehen argitu beharra dago soinuak airean duen abiadura ez dela presioaren arabera aldatzen, baina tenperaturaren arabera aldatzen da. 0 ¾C-tan 1.195 km/h-koa da abiadura, 15 ¾C-tan 1.225 km/h-koa, 20 ¾C-tan 1.235 km/h-koa eta 30 ¾C-tan 1.250 km/h-koa. Gatz-lakuetan, berriz, airearen abiadura 1.235 km/h ingurukoa izaten da.
Zailtasunak abiadura supersonikoan baino gehiago subsonikotik supersonikorako tartean izaten dira, hau da, 1.100-1.300 km/h bitartean. Zona kritiko hori hegazkinetako pilotuek ongi ezagutzen dute. Airea irregularki eta abiadura desberdinetan irristatzen da karrozeriako atal batean eta bestean. Beraz, presio aerodinamikoak puntu batetik bestera aldaketa handiak izaten ditu. Talka-uhinak sortzen dira horrela eta horiekin batera presio handiko zona arriskutsuak. Richard Noble-k bere marka 1983.ean ezarri zuenean ikusi zituen talka-uhin horiek ibilgailuaren muturrean sortzen.
Gaur egun talka-uhinen eragina hegazkinetan nola saihestu badakite, baina lurrean dabilen lau gurpileko makinan zer egin beste upeleko sagardoa da. Batetik eskarmenturik ez dago eta, bestetik, airea itsas mailan altitude handietan baino dentsitate handiagokoa da. Gainera hegazkinaren muturreko talka-uhinak airean norabide guztietan heda daitezke, baina lurreko ibilgailuan, goia eta aldamenak libre egon arren, azpian lurra dago.
Talka-uhinek eragindako presio-diferentziek ibilgailua aireratu, lurrean iltzatu edo aldamenera okertuta birarazi egin dezakete.
Gaur egungo lehiakideak
Marka hausteko gaur egungo lehiakide garrantzitsuenak Breedlove (bere “New Spirit of America”rekin) eta Noble (bere “Thrust SSC”rekin) dira. Biak ari dira oraintxe aipatu ditugun arriskuei irtenbidea aurkitu nahian. Breedlove-k probak gero eta abiadura handiagoan eginda lortzen dituen datuen arabera prestatu nahi du materiala. Noble, berriz, ordenadoreko simulazioetan eta maketak irristagailuetan ipinita 1.300 km/h-ko abiaduran egindako probetan oinarritzen da.
Ibilgailu hauetako bakoitzak bere sistema du egonkortasuna eta ibilbidea kontrolatzeko. Abiadura horietan ibilgailua ez da bolanteaz gidatzen; kontrol informatikoaz baizik. Breedlove-ren aparatuak ibilgailuaren muturrean hiru gurpil gidari ditu lerrokaturik. Noble-renean berriz, atzeko bi gurpilek erabakitzen dute ibilbidea eta esekidura hidraulikoak oreka aldarazten du.
Bi lehiakide hauez gain, ordea, beste batzuk ere badira. Art Arfons bere “Green Monster” berria prestatzen ari da. Australian Ross McGlashan-ek bere “Aussie Invader III” makinaz 900 km/h-ko abiadura lortu du Adelaide ondoko lehortutako laku batean. McLaren etxeak (1 formularako bolidoak egiten dituenak) “Maverick” izeneko ibilgailua prestatu du. Azken bi makina hauek turborreaktoreak dituzte, baina hortik aurrera ezer gutxi dakigu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia