}

Soineko deigarria arerioa engainatzeko

2001/12/02 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Zebrak taldean ibili ohi dira eta, egia esan, beren marra zuri-beltzei esker, oso erraz detektatzen dira. Baina beren ezaugarri nagusia salataria bada, zergatik dute hain soineko deigarria? Galdera horri erantzun nahian hipotesi bat baino gehiago argitaratu da, baina, nahi duenarentzat, oraindik zabalik jarraitzen dute ikerketa-bide guztiek.

Animalia eta landareen munduan bi eratako "soinekoak" topa daitezke; inguruarekin bat etorri eta animalia edo landarea ezkutatzeko moduko kolorekoak edo, alderantziz, inguruarekin kontrastea egiten dutenak. Lehenek, bistan da, animalia babesteko funtzioa dute. Bigarrenek, berriz, animalia pozoitsua edo gutxienez zapore txarrekoa dela iragartzen dute.

Estrategia horiek ilustratzeko adibideak ez dira falta. Disimulatzeko soinekoa duen animalietako bat da, adibidez, berrikitan ezagutzera eman den olagarroa. Ozeano Indiko Pazifikoko itsas hondoan bizi dira, eta badirudi hainbat espezie daudela. Egoera normalean, gorputza baino garro luzeagoak eta marra zuri-gorriak dituzte; baina inguruan harrapariren bat dabilela sumatzen dutenean, gorputz-adarrak luzatu, gorputza lautu, kolorea aldatu eta beste hamaika trikimailu erabil ditzakete, beste animalia batzuen itxura hartu eta etsaia nahasteko. Gainera, zeregin horretan benetako espezialistak direla aitortu behar da. Inguruan dabiltzan harraparien arabera, animalia bat edo beste imitatzen dute: karramarro handia, itsasoko sugeak, itsasoko anemonak, marmokak, arrainak, etab

Monarka tximeleta gorri-beltza da bigarren estrategiaren adibide bat. Tximeleta horren larbek asklepiade landare pozoitsua dute elikadura-iturri eta, bide batez, pozoia ere xurgatzen dute. Horrela, tximeleta ez da pozoitsua bihurtzen, baina janez gero ahoan zapore nazkagarria uzten du.

Normalki ez da zaila izaten animalia edo landareak zein estrategiaren aldeko apustua egin duen jakitea, baina zebren kasua bitxia da. Luzaz galdetu izan diote beren buruari biologoek zebraren soinekoaren funtzio zehatzaz. Eta, oraindik ere horretan jarraitzen dute, ez baitute erabateko adostasunik lortu.

Identifikazioaren teoria

Identifikazioaren teoriaren arabera, zebren soinekoaren funtzio nagusia identifikazioa da. Teoria horrek dioenez, lehen begiradan zebra guztiak berdinak direla iruditu arren, zebra bakoitzaren soinekoa bakarra da. Hau da, bi zebrak ez dituzte sekula marra berdinak edukiko. Datu hori oso garrantzitsua da, dirudienez umeek ama marren bidez identifikatzen dutelako. Zebra-kumeari lehena ikusten duen soinekoa bizi osorako grabatuta gelditzen omen zaio eta, beraz, arrak erditzen ari den zebra-emea ez du soilik harrapariengandik babesten. Inguruan ibil litezkeen emeak ere uxatzen ditu, umeak ikusiko duen lehen soinekoa bere amarena izateko gisan. Bestela, bere ama delakoan kasurik egingo ez dion zebran jarrai diezaioke eta, orduan, hiltzeko probabilitatea oso handia da.

Harraparia oharkabetu nahian

Beste teoria batzuen arabera, zebren soinekoa oso deigarria izan arren, harraparia tronpatzeko oso eraginkorra da. Dirudienez, horrenbeste marra izateak animaliaren beraren itxura edo silueta hautsi egiten du eta harrapariei zailagoa zaie zebra bakoitza edo zebraren gorputzeko atal bakoitza non hasi eta non bukatzen den bereiztea. Animaliaren profila zehaztea zailagoa zaie eta, beraz, nekezagoa zaie ehizatzea. Teoria hori baliozkotzat jo daiteke, batez ere, marren banaketa eta norabidea gorputzaren itzuliarekin perpendikular direla kontuan hartuta.

Teoria asko agertu dira zebren marra zuri beltzen funtzioa azaltzeko, baina ez dago adostasunik.

Beste batzuen aburuz, marra horiei esker, zebrak inguruko belarrarekin nahasten ditu harrapariak. Kontuan izan harrapari askok zuri-beltzean ikusten dutela, eta, ondorioz, zebraren marrak eta inguruko belarra kolore bertsukoak irudituko zaizkie. Gainera, zebrak taldean ibili ohi dira, baina harraparia hurbiltzean norabide desberdinetan lasterka hasten dira. Horrela harraparia marra txuri-beltzen nahastean liluratuta gelditzen da, bereizketa egin ezinik. Biologo guztiak ez datoz bat teoria horrekin, baina egia da, halaber, harrapariek taldeak puskatu nahi izaten dituztela umeak dauden edo ez ikusteko eta, aldi berean, bakarrik gelditzen diren zebrak harrapatzea errazago zaielako.

Bestelako teoriak

Teoria horietako batekin ere ados ez dauden eta, hala ere, azalpen bat eman nahi izan dioten biologo batzuek diote soineko zuri-beltzak tenperaturarekin zerikusia izan lezakeela, beltzak beroa xurgatu eta zuriak beroa islatzen baitu.

Animaliek hainbat estrategia erabiltzen dituzte harrapariarengandik babesteko. Zebrak larruko marrez baliatzen dira.

Jeffrey Waage biologo ingelesaren arabera, berriz, soinekoa tse-tse euliaren aurkako babesa izan liteke. Izan ere, tse-tse eulia ez da usainarekin gidatzen, ikusmenarekin baizik eta, beraz, soineko nahasiak eulia noraezean uzten omen du. Alta, dirudienez, zebrak bizi diren eremuetan tse-tse euliak kutsatzen duen loaren gaixotasuna ez da oso hedatua.

Ezjakintasunaren aurrean zentzuzkoena, hala ere, soinekoak funtzio bat baino gehiago bete ditzakeela pentsatzea da. Oso posible da espeziearen baitan soinekoa indibiduo bakoitzaren identifikadore izatea eta, beste espezieentzat, berriz, nahasgarria. Dena dela, zalantzarik ez da eboluzioak ontzat eman duen berezitasuna dela eta, hori eraginkorra delako izango da, ezta?

7k-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia