}

Softwarea irratiaren zerbitzura

1998/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hardwarea hain garestia izanik, zergatik ez egin irrati bat softwarean?
CDen soinu-kalitate bereko irrati-emisioak entzun ahal izango ditugu.

Hemendik gutxira CDen soinu-kalitate bereko irrati-emisioak entzun ahal izango ditugu. EEBB eta Kanadako zenbait irrati dagoeneko kalitate haundiko emisio digitalekin frogak egiten hasiak dira. Baina hauek sintonizatu ahal izateko beharrezkoak diren aparatu bereziak oso garestiak direnez, inork ez ditu egin nahi. Orain, enpresa britaniar batek askoz ere merkeagoa izango den sistema atera du, PC arrunt bat irrati-hargailu digital bilakatuko duena.

Europak DAB (Digital Audio Broadcasting) eredu komuna hartu du; izen hau eman ohi zaio ofizialki irrati digitalari. Orain arte DAB-hargailuetarako eginiko diseinuek datuak dekodifikatzeko erabili dituzten txip-seinaleen prozesatzaileak oso garestiak izan dira. Zenbait enpresak automobiletarako irrati digitalen prototipoak garatu dituzte, entzuleak behar ditugun aparatuak oso garestiak dira eta, porrotaren beldurrez edo, orain arte ia-ia ez dira merkaturatu.

Etxeko hargailuak oraindik ere urrunago doaz: IDEO, diseinu industriala egiten duen eta BBC-k kontratatu duen konpainiak, irrati digitalen zenbait diseinu garatu ditu, baina ez dago hauek ekoiztuko dituen enpresarik.

RadioScape, Londresen finkaturiko software-konpainia batek, kostuaren arazoa gainditzeko irtenbidea aurkitu duela zabaldu da. Gaur egun PCetako Pentium txipek prozesatzeko duten gaitasuna erabiliz, irrati digital batean zirkuitoak egiten duen lan bera burutzen duen softwarea sortu dute.

RadioScapek garatutako sistemak DAB seinalea VHF antena arrunt batetik hartzen du eta PC-aren barnean dagoen dekodifikazio-txartel batera bidaltzen du, modem bat edo soinu-txartel baten antzera. Dekodifikatzaileak DAB datuak irrati-seinaleetatik ateratzen ditu eta RadioScapen softwareak prozesatu eta soinua PC-aren bozgorailuetara bidaltzen du. Soinuaz gainera, DAB emisioak hamar segundotik behin testua eta irudi bat ere igorri ditzazke, ordenadorearen pantailan ikus daitezkeenak.

RadioScapek dioenez, 133 Mhz. edo gehiagoko Pentium MXX prozesadorea duen Windows PC batek DAB informazioa denbora errealean dekodifika dezake. Honi esker, irratia entzun ahal izango dugu beste zenbait gauza egiten ditugun bitartean, testu-prozesadorea erabili edo internet-en bidaiatzen dugun bitartean, adibidez.

Zenbait enpresak irrati digitalen prototipoak garatu dituzte.

RadioScapek bere sistemaren lanerako prototipo bat erakutsi du jadanik BBC-n, zenbait irrati komertzialetan eta baita ordenadore-enpresa batzuetan ere. Lizentzia elektronikako ekoizleei emateko asmoa dute, hauek kontsumorako produktu bilaka dezaten. PC-an oinarritutako lehen sintonizadorea eta softwarea Eguberrietarako dendetan egotea espero dute. Hurrengo urratsa sintonizatzeko zirkuitoa kreditu-txartel baten neurriko PCMCIA txartel batean jartzean litzateke, eta hau poltsikoko ordenadore bati konektatzea irrati digital eramangarri bilakatzeko.

BBC 1995eko irailaz geroztik ari da irrati digitala frogatzen eta une honetan herritarren % 60ak jaso ditzazke seinale digital hauek. Britainia Handiko irrati komertzialei agintariek DBA lizentziak irailean emango dizkietela espero da eta orduan 30 kanal digital baino gehiago izango dituzte britainiarrek. Europako beste herriek ere antzeko kanal-aukera izango dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia