}

Softwarea eta Kuba bezala, orain bioteknologia librea!

2005/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

em/>

Australiako Camberrako ikertzaileek landareak genetikoki eraldatzeko beste teknika bat aurkeztu dute. Normalean, landare baten genoman gene arrotzak sartzeko, Agrobacterium bakterioa erabiltzen dute bektore moduan. Horri esker, landarearen ezaugarriak aldatzea lortzen da. Sistema, ordea, ez da merkea, Agrobacterium-en oinarritutako teknologia patentatuta baitago.

Ikertzaileek Agrobacterium ordezkatzeko modua bilatu dute, eta hiru bakteriorekin oso emaitza onak lortu dituzte, Sinorhizobium meliloti, Mesorhizobium loti eta Rhizobium generoko NGR234 bakterioekin, hain zuzen. Bakterio horiek naturan badaude, eta berez izaten dute elkarrekintza landareekin. Adibidez, ohikoak dira babarrun- eta ilar-landareen sustraietan, eta haientzat mesedegarriak dira, nitrogenoa hartzen laguntzen baitiete.

Bakterio horien bidez, geneak landarearen genoman integratzeko modua ikertzeaz gain, gene-transferentzia agerian jartzeko sistema ere garatu dute ikertzaileek. Guztia libre utzi dute, nahi duenak erabil dezan. Hori bai, teknologia horrekin egiten diren aurrerapenak ere publikoak izan behar dutela adierazi dute. Hartara, hemendik aurrera bioteknologian ikertzea errazagoa izango dela espero dute.