}

Siberiako kurriloen itzulera

1996/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Galdutzat jotako lau kurrilo itzuli dira aurtengo neguan Bharatpur-ko Parkera. Siberiatik Indiara bidaiatzen duten hegazti migratzaile horiek bi negu eman dituzte parkera agertu gabe. Atzerapen horren arrazoia ez dute oraindik aurkitu.

Indiako Bharatpur hiriko, Keoladeo Parke Nazionalera lau kurrilo itzuli direla esateak, ezer berririk duen galdetzera eramango du irakurle bat baino gehiago. Errusia eta Indiako zientzilariek behinik behin, oso pozik jaso dute albistea. Hegazti migratzaileak bi urtez jarraian ez ziren neguoro bezala Indiako Parkera itzuli eta okerrenaren beldur ziren.

Desagertzeko zorian dagoen hegazti horrek neguoro egiten du Uraletatik, Afganistan eta Pakistan barrena Indiarako bidaia. 1960an ehun kurrilo bazeuden ere, 1990. urtean bost besterik ez zituzten zenbatu. Ahaleginak egin dituzte kurrilo-kumeak Parkean hazi eta gero aske bizi direnekin elkar daitezen, baina orain arte ez dute arrakastarik lortu.

Mendebaldeko kurrilo-mota (Grus leucogeranus) horren egoera larria bada ere, hegazti eder horien kopurua ez da bost aletara murrizten. Mendebaldeko migrazio-bideari segitzen dion talde horrez gain, bada beste bat kopuruz handiagoa. Ekialdekoa deritzaio bigarren talde horri, hiru mila inguru dira eta urtero Siberiatik abiatu eta Txinarantz egiten dute bidaia.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia