Shöningeneko lantzak duela 200.000 urtekoak direla ondorioztatu dute
2025/05/09 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Shöningeneko lantzak ezagunak dira, osorik dauden ehiza-tresna zaharrenak direlako. Egurrean zizelkatuta daude, eta Schöningen hirian aurkitu ziren, Saxonia Beherean (Alemania). Aztarnategiko lurrak ezaugarri bereziki erreduzitzaileak ditu, eta horri esker iraun dute hain egoera onean. Aurkitu zituztenean, 1990eko hamarkadaren erdialdean, 400.000 urte inguru zituztela kalkulatu zuten, baina, gero, beste datazio batek 300.000 urteko adina eman zien. Orain, ordea, nazioarteko ikertzaile-talde batek berriro aztertu ditu, eta 200.000 urte inguru dituztela ondorioztatu dute. Ikerketan parte hartu du EHUko Aritza Villaluenga Martínezek.
Nonbait, hasierako datazio haiek ez zuten zuzenean hartzen oinarritzat lantzaren horizontea, baizik eta azalaren gaineko eta azpiko geruzetako sedimentuen kronologia erlatiboa. Orain, lehen aldiz, lantzaren horizontearen materialen datazioak egiteko gai izan dira, eta bereziki garrantzitsua izan da aminoazidoen errazemizazioan oinarritutako analisi-metodoa. Hain zuzen, izaki bizidunetan, L-aminoazidoak gailentzen dira. Hil ostean, errazemizazioa gertatzen da, hau da, L-aminoazidoak D bihurtzen dira. Hortaz, L eta D motetako aminoazidoen arteko proportzioa aztertuz, laginen adina zehaztu daiteke.
Shöningenen, lantzaren horizonteko laginen errazemizazio-maila aztertu dute, esaterako, garai hartako gizakiek ehizatutako zaldien hortzena, Bithynia generoko gasteropodoen operkuluena eta krustazeo txiki batzuen oskoletakoak. Horrela ondorioztatu dute lantzek 200.000 urte dituztela lantzek. Zehaztu dutenez, Schöningeneko aztarnategia Erdi Paleolitikokoa da, lehenengo neandertalen arokoa. Eta, lantzengatik ez ezik, aztarnategia garrantzitsua da bertan ehizaren ebidentzia argiak daudelako; bereziki, zaldienak. Horrek esan nahi du zaldien ehizan espezializatuta zeudela, eta, horretarako, elkarlanean aritzen zirela. Science Advances aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia