Sexu-bereizketa ez da hormonen araberakoa oiloetan
2010/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Oiloetan, sexu-bereizketa ez da banako mailan egiten, zelula mailan baizik. Ondorio horretara iritsi dira Edinburgh Unibertsitateko ikertzaile batzuk, oilo/oilar berezi batzuk aztertuta; hain zuzen ere, erdia oilo eta erdia oilar diren banako batzuk aztertu dituzte.
Ugaztunetan sexu-hormonek gidatzen dute banako osoaren sexu-bereizketa, eta hormona horiek ekoizten diren arte zelulak ez dira hasten arren edo emeen ezaugarriak garatzen. Hegaztiek ere mekanismo bera zutela uste zen orain arte, baina ikerketa honek erakutsi du ezetz, hegaztietan zelula bakoitzak hasieratik dakiela, bere kromosometan oinarrituta, emea edo arra den.
Hala, aztertutako oilo berezi horietan ikusi dute ez zegoela anormaltasun kromosomikorik; hau da, emeen ezaugarriak zituzten aldean, oiloek zelula eme normalak zituztela nagusi, eta arren ezaugarriak zituzten aldean, berriz, zelula ar normalak.
Gainera, ondoren, oilo normalen enbrioiak aztertu zituzten, eta hibridoetan ikusitakoa berretsi zuten. Izan ere, ikusi zuten 18 ordu besterik ez zituzten enbrioietako zelulak jadanik hasiak zirela sexuarekiko espezifikoak diren molekulak agertzen. Eta enbrioien garapenean askoz beranduago hasten dira sexu-hormonak agertzen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia