Servet, Migel
1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(1511-1553)
Mediku, filosofo, astronomo eta teologo nafarra 1511n sortu zen Tuteran, zenbaitzuek Huescako Villanueva de Sigena herrian jaio zela zabaldu badute ere. Aragoako notario baten semen zen eta aitaren urratsak segituz, zuzenbide- eta teologia-ikasketak egin zituen Tolosako Unibertsitatean 1530. urtetik aurrera. Karlos I.aren aitor-entzulearen laguntzaile izanik, Valladoliden, Alpujarretan eta Toledon ibili zen. Halaber, kargu horri esker Italia eta Alemanian zehar bidaia asko egin zituen eta horietan teologo katoliko eta protestanteekin eztabaida ugari izan zituen. Basilean finkatu zen 1931n eta urte berean De Trinitatis erroribus liburua idatzi zuen. Berehala hasi ziren han ere erlijio-eztabaidak eta Lyon-era alde egin behar izan zuen.
Ptolomeo-ren geografiaz arduratu zen eta 1535ean Ptolomaei geographicae enarrationis libri octo izeneko liburuan bildu zituen bere teoriak.
1937an Parisko Unibertsitatean sartu eta Medikuntzako Fakultatean matrikulatu zen. Biriketako odol-zirkulazioa aztertzeari ekin zion, baina bere ideiek ez zuten batere oihartzunik lortu Harvey-k gorputz osoko odol-zírkulazioaren azalpena kaleratu zuen arte. 1537an Apologetica disceptatio pro astrologia liburua kaleratu zuen eta heresiatzat hartuta epaitu egin zuten Parisen. Hortik ere ihesean Joan behar izan zuen nafarrak. Charlieu, Lyon eta Viennen mediku izan zen eta 1541ean Frantziako hiritartasuna hartu zuen. Garai horretan Joan Kalbin ezagutu zuen eta urte askotan hika-mika entzutetsuak izan zituzten. Etsai porrokatuak izan ziren, geroago frogatu ahal izan zutenez. 1553an Christianismo restitutio teologia tratatua plazaratu zuen, horrek bere heriotzaren etorrera azkartu egingo zuela pentsatu gabe, seguruenik. Servetek Hirutasun Sainduaren ikuspuntu berria azaldu zuen lan horretan, Jaungoikoa izendatzeko hiru era desberdin baino ez dela defendituz. Joan Kalbinen erantzuna berehalakoa izan zen: heresiatzat salatu zuen eta Viennen atxilotu egin zuten. Ihes egitea lortu zuen eta Italiarako bidean zelarik, Genevan atxilotu zuten berriro. Epaiketan bere burua ongi defenditu bazuen ere, Kalbin boteretsua kontra zuen eta bizirik erretzera kondena zezaten lortu zuen. Migel Servet nafarra izan zen beraz, katolikoen eta erreformazaleen onarpenez hiltzera konde-natu zuten lehen pentsalari kristaua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia