}

Sentsoreen lokalizazioa

2005/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Sentsoreen lokalizazioa
2005/12/01 | Elhuyar
(Argazkia: artxibokoa)

Azken urteotan, irrati-uhinen bidezko komunikazioa erabiltzen duten hainbat osagai elektroniko merkaturatu dira. Osagai-mota hori merkaturatzeak beste horrenbeste aplikazio berri sortu ditu: haririk gabeko sentsore-sareak, esaterako.

Sistema horietako sentsoreak zirkuitu autonomoetan egoten dira instalatuta. Hala, kontrol- eta neurketa-lanak banatu egin daitezke, esaterako, inguru geografiko zabal bat hartzen duen magnitudea neurtzeko. Mota horretako sareen abantaila nagusia bikoizketa da: sarean hainbeste sentsore izanda, bat puskatuz gero, beste batek beteko du haren funtzioa, puskatutakoa ordezkatu arte.

Hala ere, hainbeste sentsore koordinatzea ez da batere erraza: sentsore guztiek hardware eta software berbera dute, eta, gainera, energia-kontsumoa nahiz prozesatze-ahalmen mugatua dituzte. Kasu horretan, funtzionamendu-protokoloak asko sinplifikatzen dira sentsore bakoitzaren posizioa jakinez gero, eta sarea geografikoki nola banatua dagoen baldin badakigu. Kontuan izan behar da, haririk ez dutenez, ez dela erraza jakitea sentsoreak non dauden. Hainbeste sentsore egonda, gainera, ezinezkoa da kokapen horiek norberak neurtzea. Horregatik, metodo automatizatu bat behar da sentsore bakoitzak bere posizioa kalkula dezan.

(Argazkia: artxibokoa)

EHUko Jagoba Arias-ek sentsoreen posizioa kalkulatzeko algoritmo berri bat proposatu eta garatu du. Posizio hori aurkitzeko, beste sentsoreekiko distantzia erabiltzen da. Baina, horrelako sistemak ekonomikoki bideragarriak izateko, sentsore bakoitzak oso merkea izan behar du, bai diseinuari eta bai ekoizpenari dagokienez. Sentsoreek ezin dute elektronika konplexurik izan, eta, ondorioz, ez da espero neurketa horiek oso zehatzak izatea.

Ikerketan proposaturiko algoritmoak sentsore bakoitzarentzako kalkulua egiten du, jakinda ezagutzen diren distantziek akatsak dituztela. Azkenik, simulazio-plataforma bat garatu da lortutako emaitzak azken urteetan proposatu diren beste algoritmo batzuenekin alderatzeko. Hala, ikus daiteke sentsore bakoitzak zenbat kalkulu-lan egin behar dituen eta akatsek lortutako emaitzan nola eragiten duten.

Berriak labur
11
1
215
2005
12
024
Elektronika