Seigarren suntsipen handienaren aurrean: Era Melontozoikoa
1995/04/01 Nuñez-Betelu, Koldo Iturria: Elhuyar aldizkaria
Espezieen suntsipena maiz gertatu den prozesu biologikoa da. Azken batez, txanpon bereko bi aurpegien modura, suntsipenak eta eboluzioa loturik daude. Dena den, espezie bat suntsitzean genetikoki errepikaezin den izakia BETIRAKO iraungitzen da.
Eon Fanerozoikoan zehar espezieen suntsipena etengabe gertatu zen. Suntsipen horietako asko filetikoak izan zi-ren, alegia, eboluzioz espezie berriak sortu zituzten. Baina beste iraungipen asko terminalak izan ziren; hau da, espezieak ondorengorik gabe desagertu egin ziren. Horrela, gure planetan 5.000 milioi eta 50.000 milioi espezie artean bizi izan omen ziren, eta egun 40 milioi espezie egon daiteke, hau da, orain arte existitutakoen % 1. Honek espezien iraupen-maila oso eskasa dela esan nahi du, espezieen % 99 iraungi baita.
Suntsipen terminalak etengabe gertatzen ziren, faktore biotiko zein abiotikoak zirela medio. Hala ere, Historia Geologikoaren hainbat unetan suntsipen terminal asko eman ziren batera, masibo bihurtu zirelarik. Oso ezagunak diren Fanerozoikoko Bost Suntsipen Handienetan suntsipen terminal masiboek biodibertsitateari galera handiak ekarri zizkioten. Periodo Ordoviziar, Devoniar, Permiar, Triasiko eta Kretazeoaren bukaeran familia eta espezie asko galdu ziren betirako. Bost iraungipen hauetako handiena Periodo Permiarraren bukaeran, hau da, Era Paleozoikoaren amaieran, gertatu zen, eta itsas familien % 50, itsas espezien % 80 barne, iraungipen bikoitz honetan suntsitu zen. Denboran gertuago, Era Mesozoikoaren bukaerako Kretazeoko suntsipen masiboa gertatu zen, orduan itsas familien % 15 iraungi zen, eta baita lehorrean dinosauruak ere.
Espezieak suntsitzeko eragile asko egon daiteke, hala nola, aldaketa klimatikoak, meteoritoen erorketak, bolkan-erupzio itzelak, hondatze genetikoak, disfuntzio demografikoak eta izurriteak, besteak beste. Hala ere, suntsipen terminal masibo handienen eragilea beti abiotikoa izan da, suntsipen hauetan gradiente ekologikorik ez baita ematen.
Aitzitik, suntsipen terminalak etengabeko fenomeno biologiko arrunt badira ere, gaur egun suntsipen-mota honen azelerazio handi baten aurrean gaude. Horrela, mende honen erdira arte urtero 10 espezie baino gutxiago suntsitzen ziren gure planetan. Ordutik hona suntsipen-tasa igo egin da esponentzialki, eta orain 100 espezie inguru suntsitzen omen dira egunean, gehienak taxonomiarako ezezagunak direlarik. Fosilizazio-prozesua oso aleatorioa eta errendimendu txikikoa denez, oraintxe bertan suntsitzen ari diren espezie gehienak ez ditugu ezagutu ere egingo.
Beraz, eta egungo iraungipen-tasa azeleratua ikusiz suntsipen terminal masibo batean murgildurik gaudena argi dago oso. Baina, hau ez da Bost Suntsipen Handienak bezalakoa, oraingoaren eragilea biotikoa baita. Gizakiok gara suntsipen honen eragileak. Suntsipen honek dagoeneko maila biostratigrafikoan badu bere marka, eta aurrera segituz gero Seigarren Suntsipen Handiena bihurtuko da, era geologiko berri bati hasiera emanez.
Horrela, Era Zeonozoikoaren bukaeraren lekukoak eta eragileak izan gaitezke gizakiok egungo biodibertsitate-maila ez badugu berean oraindik mantentzen. Areago, oraingo suntsipen-erritmoa ez badugu geldiarazten, gu geu ere desager gintezke. Iraungipen honen ondoko era geologikoa, Era Melontozoikoa (Grekeraz, Melon = etorkizuna) dei diezaiokeguna hain zuzen, espezieren batek irauten badu, Eon Fanerozoikoaren barruan egongo da. Bestela, eon berri batean sartuko da Lurraren egutegi geologikoa. Baina orduan, ez da paleontologirik egongo gertatutakoa ikertu ahal izateko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia