Saturnoren atmosferan barrena
2006/10/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Horrez gain, ordea, zenbakizko simulazioa ere egin daiteke. Horretarako, zenbakizko hainbat kode erabiltzen dituzte. Kode horiek fotoiak atmosferan nola sartzen diren eta hainbat norabidetan nola hedatzen diren erreproduzitzen dute. Fotoi batzuk absorbatu egiten dira, eta beste batzuk, aldiz, berriro espaziora igortzen dira, hau da, atmosferak islatzen ditu.
Hainbat urte daramatza EHUko ikertzaile-taldeak zenbakizko kode horiek garatzen. Izan ere, atmosferak islatzen duen argiaren arabera, islapen horren atzean dauden partikulak zein diren ondoriozta daiteke. Alegia, islatutako argia aztertuz, hodei-geruzen kopurua, horien hedapena, ezaugarri optikoak eta beste hainbat zehaztu daitezke. Hala aztertu dituzte Saturnoko hodeiak eta haien garapena hamar urtean zehar. Epe luze samarra da hori.
Haizeen aldaketa
Atmosferaren egitura aztertu ondoren, planeta erraldoi hartako haizeak aurretiaz zer garaieratan neurtu ziren aztertu dute. Lan hori talde bereko hainbat ikertzailek egin dute. Ezinbestekoa da hori planetaren meteorologia ulertu nahi bada, atmosferaren ikuspegi tridimentsional bat ematen baitu.
Azterketa horretan Hubble teleskopioak jasotako irudiak eta aurretiaz Voyager espazio-ontziak hartutakoak alderatu zituzten. Zientzia Planetarien taldeak, ekuatoreko haizeen aldaketa ikaragarria behatu zuen 2003an Saturnoren atmosferan. Inork ez zuen halakorik espero.
80ko hamarkadan, Voyager espazio-ontziak 1.700 km/h intentsitatea zuten haizeak neurtu zituen Saturnoren ekuatorean. 2003an, berriz, balio horren % 40ko gainbehera ikusi zuten, haizeak bat-batean geldiaraziko edo motelduko balira bezala. 2004an, Cassini espazio-zunda Saturnora iritsi zenean, konturatu ziren zenbait uhin-luzeratan haizeak motelagoak zirela, eta beste hainbatetan azkarragoak. Orduan, haizeak altuerarekin moteltzen zirelako hipotesia aurreratu zuten. Alegia, zenbat eta garaiera handiagoa izan haizeak, orduan eta motelagoak direla, eta alderantziz. Hori ez da aurkikuntza berria, haizeak oro har altuerarekin aldatzen baitira atmosferan. Dena den, EHUko ikertzaile-taldeak frogatu du benetan egiazkoa zela hipotesi hori, garaieraren eta haizearen neurketetan oinarrituta.
Gainera, Voyager espazio-ontziak neurtutako datuekin alderatuta, zalantzarik gabe aldaketa nabarmen bat gertatu zela behatu zuten. Arrazoia hauxe izan daiteke: 1990ean izugarrizko ekaitza izan zen Saturnoko ekuatorean --Lurra bera baino handiagoa--. Hogeita hamar urtetik behin gertatzen da fenomeno hori Saturnon eta planetaren zati handi bat asaldatzen du. Gaur egun, mota horretako fenomenoek Saturnoren atmosferan zer eragin duten ikertzen dihardute, besteak beste.