Saturnon haizea aldakorra da
2003/06/05 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Saturno eta Jupiterren haizea berezia da. Beste planetetan ez bezala, ekialderantz higitzen da, eta Eguzkitik Lurrera baino askoz ere erradiazio gutxiago iritsi arren, hemengoak baino hamar bider indartsuagoa da. Lurrean, Eguzkitik iristen den erradiazio horrek gobernatzen du haizea, baina urruneko planeta haietan beste energia-iturri bat dagoela uste da, astrofisikariek zein den ez badakite ere.
Teoria batzuen arabera, haizea planetaren zentroko beroak sortzen du. Kontuan izan behar da Jupiter eta Saturno gasezko planetak direla, eta ez dutela gurea bezalako lurrazalik. Beste teoria batzuen arabera, ordea, haizea goi -atmosferako azal finetik dator, eta Lurrean gertatzen den moduan, Eguzkiko erradiazioak gobernatzen du. Bi aukera horiek egiaztatzea, ordea, zaila da, eta, nolanahi ere, ez batak ez besteak ez du argitzen behar den bezala haizeak egiten duen ekialde-mendebalde jokoa edo Jupiterko eta Saturnoko haize gogorren ibilia, ekialderantz beti.
EHUko astrofisikari-talde honek, eta Massachussets-ko Wellesley College-eko beste batek, Hubble teleskopioak lortutako irudiak aztertu dituzte Saturnoko haizearen jokamoldea ulertu nahian. Eta ustekabeko aurkikuntza bat egin dute:
1996-2002 tartean ekuatoreko haizearen abiadura 1980-81 urteetan neurtutakoaren erdia izan dela ikusi dute. Ikerketan Agustin Sanchez-Lavega, Santiago Perez-Hoyos, Jose Felix Rojas eta Ricardo Hueso ikertzaileek hartu dute parte. Hain justu, 2002ko abenduan
Sanchez-Lavega ikertzaileari egindako elkarrizketa argitaratu genuen Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkarian. Elkarrizketa hartan 1991n Nature -k azala eskaini ziotela kontatu zigun, orduan ere Saturnoren inguruan egindako lanengatik.
Haizearen abiadura egonkorra zela uste zen
Jupiter eta Saturnoko haizearen abiadura Voyager ontziek neurtu zuten lehenengoz, 1980ko hamarkadaren hasieran. Geroztik, Jupiterren haizea iraunkorra dela ondorioztatu da, baina Saturnon zer gertatzen den ez zegoen oso argi. Orain, EHUko ikertzaileen lanari esker, ekuatorean aldatu egin dela jakin dute, baina zergatik? Hau da, berez da aldakorra ala fenomeno bereziren bat gertatu da 1980ko hamarkadaz geroztik?
Saturnok, Jupiterrekin alderatuta, hainbat berezitasun ditu. Biraketa-ardatza etzana dauka, Lurrak bezala, eta urtaroek luze irauten dute. Gainera, daukan eraztun-sistema handiak aldika itzala egiten dio ekuatoreari, eta une labur batzuetan Eguzkiko erradiazioa iristea eragozten du. Berezitasun horiek direla eta, baliteke Saturnon, ekuatorean behintzat, haizea aldakorra izatea.
Bestalde, Saturnon, ekaitzik erraldoienak, beste planetetan gertatzen ez diren bezalakoak, ekuatorean gertatzen dira. 1990-94 urteetan hainbat egon ziren eta ikertzaileen arabera, agian horren ondorioz baretu da haizea. Edo baliteke 1996-2002 aldian hodei altuagoak hartu izana neurketak egiteko, eta altuera horretan haize-lasterrak bareagoak izatea. Edonola ere, EHUko astrofisikariek ondorio sendo samar bat behintzat atera dute: haizea goi-atmosferan sortzen dela.
Hori guztia egiaztatzeko, oso baliagarria izango da 2004an Saturnora iritsiko den Cassini-Huygens espazio-ontzia. Europako eta Estatu Batuetako espazio-agentzien misio horrek bereizmen handiko irudiak hartuko ditu eta, agian, orduan argituko dira Saturnoko haizearen misterio guztiak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia