
Saturnoren inguruan biraka dabilen beste eraztun bat aurkitu dute NASAko ikertzaileek Spitzer Espazio Teleskopioari esker. Ez da edonolako eraztuna; Saturnoren gainerako eraztunak baino askoz handiagoa da, ezagutzen direnen artean, behintzat. Planetatik hurbilen dauden partikulak sei bat milioi kilometrora daude, eta urrunenak hamabi bat milioi kilometrora. Hala, eraztunaren diametroa parekatzeko 300 Saturno jarri beharko lirateke bata bestearen ondoan.
Handia, beraz, bai, baina ez oso argitsua. Partikulek argi infragorria islatzen dute maila handian, eta Spitzeren detektagailuek argi horri antzeman diote.
Irudikapenean Saturno erdian txiki-txiki ikusten da, argi infragorrian, eta, handik urrun, aurkitu berri duten eraztuna, handi-handia.
Irudia: NASA/JPL-Caltech/Keck
Lakar Iraizoz, Oihane
Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.







