Sator-arratoi biluziak ez daki zer den minbizia
2009/10/29 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Sekula ez da tumorerik ikusi sator-arratoi biluzietan (Heterocephalus glaber). Kontua ez da bizitza motza dutela, eta zelulek mutazioak pilatzeko eta, azkenean, minbizia garatzeko denborarik ez dutela. Izan ere, hogeita hamar urte inguruko bizi-itxaropena dute.
Rochester Unibertsitateko biologo-talde batek ikusi du p16 deritzon geneak egiten dituela arratoiok minbiziarekiko immune. Nolabait esateagatik, gene horrek “klaustrofobiko” bilakatzen ditu zelulak. Hortaz, zelulak kantitate batetik gora pilatzen hasten direnean, zelulen hazkuntza eten egiten da. Eta horixe dira tumoreak: etengabe hazten diren zelula-multzoak.
Rochester Unibertsitateko ikertzaileek hiru urte eman dituzte aztertzen askotariko karraskariak eta minbizia. Azkenean, atera duten ondorioa da bizi-itxaropen luzea duten karraskari txikiek dutela babes-mekanismo hori. Horregatik kostatu zaie hainbeste aurkitzea; alegia, normalean ikerketetan aztertzen dituzten zelulak saguenak eta gizakienak direlako. Saguek bizi-itxaropen motza dute eta gizakiak handiak dira.
Jakina, aurkikuntza horrek izugarrizko aukera eman lezake minbiziaren kontra egiteko. Izan ere, lortuko balitz p16 genearen jarduera gizakietan imitatzea, sortu aurretik hartu ahal izango litzaioke aurrea tumoreari. Baina ikertzaileek adierazi dute goiz dela oraindik horrelako erabileretan pentsatzen hasteko.
Irudia: Rochester Unibertsitatea