}

SAT/OIL EGITARAUA: Langilearen ingurugiro-arreta areagotzeko tresna

1999/02/01 Etxaide, Maider Iturria: Elhuyar aldizkaria

Abenduaren 10-11n Madrilen Osasuna, Ingurugiroa eta Lana (SAT/OIL) Egitarauaren inguruko topaketak ospatu ziren. Bertan, orain arte jorratutako bidea aztertu ondoren, hemendik aurrerako pausoek nondik norakoak izan behar duten erabaki zen.

AT/OIL Egitaraua Zientzia eta Teknikaren azaroko alean aurkeztu genuen, proiektuaren oinarria aditzera emanez. Enpresetan ingurugiro-egoera zein den jakiteko eta arazoei konponbidea bilatzen hasteko metodologia da funtsean Egitarau honek eskaintzen duena, sindikatu eta langileen laguntza oinarri duelarik. Gipuzkoako Itziarreko Poligono Industrialean Egitarauaren atal bat burutu da (estatu-mailako proiektua baita hau), disolbatzaileen ingurukoa, hain zuzen ere.

Suediako gizartea ekologistagoa

Aurrediagnostikoa Itziarko lau enpresatan egin bada ere, hirutan baino ez da burutu SAT Egitaraua.

Aldi berean, Suedian ere bertako sindikatuek bultzatuta antzeko egitaraua burutu da, Volvo eta beste enpresa batzuetan. Emaitzak, ordea, oso desberdinak izan dira bi tokiotan eta aitortu egin behar da Suedian askoz aurreratuagoak daudela kontu hauetan. Arrazoia kontzientzia ekologikoa Suediako gizartean oso sustraitua egotea da, salbuespenak salbu, ezin baita ahaztu Boliden enpresa suediarrak Doñana inguruan egindako aldrebeskeria.

Itziarren landutako proposamenak langilegoaren ezagupen eta ohiturak areagotzeko bakarrik egin diren bitartean, Egitaraua aplikatu den Suediako enpresetan produktuetan aldaketa galantak proposatzen ari dira jada. Esaterako, disolbatzaileak erabiltzen dituzten Suediako enpresa ia gehienek (% 90 inguru) disolbatzaile-oinarria duten pinturak ur-oinarria duten pinturez ordezkatu dituzte. Areago oraindik, ur-oinarri horren glikol atalak langilearen osasunari kalte egin diezaiokeen susmoa dagoenez, oinarri horren kaltegarritasuna ikertzen ari dira eta horrek aldaketa gehiago ekar ditzake ondorioz.

Ingurugiroari arreta gutxi

Aurrediagnostikoa lau enpresatan egin bada ere, SAT Egitaraua GKN (AIRE CARDAN), IRUDEX eta ANAYAK enpresetan burutu da. Hiru enpresa hauetan disolbatzaileak zein prozesutan erabiltzen diren eta langileek horri buruz zer dakiten aztertu da. Arakatutako prozesuak hauexek dira: aukeraketa eta erosketa, metaketa, erabilera eta hondakinen tratamendua.

Azterketak eman dituen ondorioak berriz, ondokoak dira:

  • Produktuak aukeratu eta erosten diren unean ez da, oro har, ingurugiro-arriskua edo osasunean eragin dezaketen kaltea kontuan hartzen. Prezioa eta eraginkortasuna da gehien begiratzen dena produktua erosterakoan, eta neurri txikiagoan, hondakinaren tratamenduaren kostua. Produktua 200 litroko bidoietan erosten da, behar bezala etiketaturik, baina ondoren bidoi txikitara pasatzen da, identifikazio-etiketa gorde gabe. Bestalde, gehienetan kanpoan estali gabe metatzen dira materialok.
  • Disolbatzaileak bi prozesutan erabiltzen dira: garbiketan eta pintaketan. Garbiketa eskuz egiten da, GKNn salbu. Pintaketan disolbatzaileak diluitzeko eta azken orduko akatsak zuzentzeko erabiltzen dira. Bi kasuotan, dosifikazioa eskuz egiten da eta tratamendua ere bai, zapi zein paperez. Bestalde, pintaketarako kabinak dauzkaten arren, askotan ez dituzte behar bezala erabiltzen.

Langileen jarrera aldatuz

Erabilitako metodologiak, berez, enpresarien partehartzea eskatzen ez zuen arren enpresariek lagundu egin dute kasu gehienetan, laguntza horrek lana erraztu egin duelarik. Lau sindikatuk batera —CCOO, UGT, ELA eta LABek— parte hartu izana eta elkarlanean aritu izana ere funtsezkoa izan da Egitaraua egoki burutzeko, pluraltasun horri esker era desberdinez ikusi baita lan hau sektore guztietatik.

Egitarauaren baitan hezkuntzak eta sentsibilizazioak izan dute lekurik garrantzizkoena, langileen jarrera aldatzea izan baita helburu nagusia. Bada, hezkuntza-ikastaro bat eskaintzeaz gain lau material baliatu ditu Egitarauak fase hau osatzeko: triptikoa, aldizkari espezializatua, CD-ROMa eta bideoa. Metodo eta material hauen emaitzak desberdinak izan dira baliagarritasunaren ikuspuntutik: ikastaro eta triptikoekin izandako emaitza onak izan diren bitartean, beste materialak hutsaren hurrengo erabili dira. Emaitza eta lorpenak aztertzeko langileen ondorengo portaera aztertzea funtsezkoa izan da. Oro har, langilearen produktuarekiko arreta areagotu egin dela ikusi da. Zalantzan dago, ordea, arreta hori ohituretan betirako sustraituta noraino geratu den. Hori aurrerago ikuskatu beharreko puntu gisa geratu da.

SAT/OIL Egitarauaren lehen fase honek fruituak eman ditu. Etorkizunari begira, beste hezkuntza-ikastaro bat antolatzea erabaki da, langileari produktu bakoitzari buruzko informazio sakonagoa eskaintzeko eta ordezko produktu eta prozesuen berri emateko. Azkenburuko helburua enpresariekin batera eztabaida-mahaiak antolatzea eta aldaketak martxan jartzeko proposamen eta epeak erabakitzea litzateke.

Disolbatzaileak industrian* erabiltzearen ondoriozko emisioak

Jarduera

Emisioen portzentaia

Pinturen aplikazioa automobilen fabrikazioan

6,3

Pinturen aplikazioak beste industrietan

32,0

Metalen deskoipeztaketa

12,8

Lehorreko garbiketa

4,1

Kautxuaren tratamendua

2,1

Farmazi produktuen fabrikazioa

4,5

Pintura eta tinten fabrikazioa

1,4

Itsasgarrien fabrikazioa

3,6

Inprenta

13,4

Koipeen eta olio jangarri eta ez jangarrien erauzketa

4,3

Estaldura itsasgarria

10,4

Basoen kontserbazioa

5,1

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia