Sardiniarrak genetikoki populazio bereizia direla berretsi dute
2018/09/19 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Sardiniarrek eta euskaldunek jatorri neolitiko aurre-indoeuroparra partekatzen dutela iradokitzen du Nature Genetics aldizkariak argitaratutako ikerketa batek. Europako populazioaren inguruko hipotesi nagusiek adierazten dute Ekialde Hurbiletik eta Anatoliatik zabaldu zirela nekazari neolitikoak Europan –duela 8.000 urte inguru–, eta, geroago, estepako artzainen zabalkunde postneolitikoa egon zela –duela 4.500 urte–. Sardinia irlako biztanleetan, ordea, ez dute ikusi estepako artzainen arrasto genetikorik. Bai, ordea, Neolito Goiztiarreko ehiztari-biltzaileenak.
Sardiniarren ezaugarri bereizgarria da populazio kontinentalekin duten desberdintasuna. Datu genetikoen arabera, geografikoki oso isolatuak egon dira urte luzez hango populazioak: duela 4.300-7.000 urte isolatu ziren europar populazio kontinentaletatik. Hala, interes handikoak dira haiei egindako azterketa genetikoak eta Giza Genomaren Aniztasuna proiektuan sartu dira. Kasu honetan, 3.514 gizabanakoren genoma osoa sekuentziatu dute, irlaren historia genetikoaren ikuspegia osatu ahal izateko. Gennargentu mendigunea da euskaldunekin antzekotasun genetiko gehien erakutsi duen gunea, hain zuzen, Sardinia osoan isolatuen egon den gunea. Italiarrekin zein espainiarrekin baino antzekotasun nabarmen handiagoa dutela ikusi dute. Ikertzaileen arabera, datu berriak bat datoz sardiniar eta euskal populazioen arteko lotura genetikoa adierazten zuten hipotesiekin.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia