}

Saia eta ardia: ipuin deserosoa denontzat

2008/01/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ustez, saiek ez diote eraso egiten ganaduari bizirik dagoenean, baina horrelako erasoak salatu izan dituzte hainbat abeltzainek. 2007an nabarmen ugaritu dira horrelako salaketak, eta abeltzainak, biologoak eta agintariak kezkatuta daude, talde bakoitza bere ikuspuntutik.
Saia eta ardia: ipuin deserosoa denontzat
2008/01/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(Argazkia: J. Bohdal)
1996an izan ziren lehen salaketa entzutetsuak, Luzaiden. Abeltzainen esanean, saiek bizirik zeuden ardiei egin zieten eraso; ardiak hil eta jan egin zituzten. Nafarroako Gobernuak aditu bat kontratatu zuen gertatutakoa argitzeko, eta salaketa bakoitzak kalte-ordaina merezi zuen erabakitzen laguntzeko. Kalte-ordainak otsoaren erasoetarako prestatutako araudiaren arabera eman ziren, baina, adituek kasu ugari onartu zituztenez, gobernuak saien erasoetarako berezko foru-agindu bat onartu zuen 1997ko ekainean.

Garai hartan, saietan adituak ziren Espainiako biologo askok ukatu egiten zuten saiek eraso egiten ziotenik ganadu biziari, eta ez zuten kontua ikertu nahi izan. Hala ere, 1998tik aurrera albaitariak ganaduari autopsiak egiten hasi ziren, salaketa- kasuetan saiek jandako animalia aldez aurretik hilda edo bizirik (edo gaixorik) zegoen zehazteko. Teknika horiek aplikatu zituzten hurrengo urteetan ere.

Gero eta salaketa gehiago

(Argazkia: E. Imaz)

Denborarekin, salaketa-kopuruak gorantz egin zuen. Nafarroan, 1996an 32 salaketa izatetik, 1998an 101 izatera iritsi ziren. Hurrengo urteetan, txikitu egin zen kopurua minimo batera iritsi arte: 2002an, 2003an eta 2004an 16, 15 eta 19 kasu izan ziren, hurrenez hurren. Baina, handik aurrera, salaketa-kopuruak berriz ere gora egin zuen, eta 2007an salatutako kasuen kopurua izugarri handitu da. Irailerako 100 salaketa baino gehiago zeuden.

Eta Nafarroa ez da salbuespena. Katalunian, adibidez, bost salaketa baino gutxiago egin ziren 2006 urtera arte, eta 2007ko irailerako 40tik gora zeuden. Eta Iparraldean berdin. Hango adituek gehiegikeriatzat jo zuten Luzaideko kasua, ondo-ondoko Iparraldeko lurraldeetan ez baitzen salaketarik izan. Urteko bost salaketa besterik ez zuten izan 2000 arte, baina handik aurrera kopurua handitu egin zen: 39 kasu 2006an eta 90etik gora 2007ko irailerako.

Lurralde guztietan eboluzio bera izan da. Hala ere, salatutako kasuen eboluzioa da hori; garrantzitsua da jakitea kasu horietatik zenbat lepora dakizkiokeen saiaren jokaerari. Hori da, hain zuzen, albaitarien lana. Kasu batzuetan, animalia saiak iritsi baino lehenagotik dago hilda; beste kasu batzuetan, hilzorian, ahulduta edo larri zaurituta dauden animaliak dira; eta beste batzuetan abeltzainen iruzurra da, besterik gabe. Albaitariek ez zuten topatu erabat osasuntsu dagoen ganaduari egindako eraso-kasurik. Bestalde, esan beharra dago kasu askotan ezinezkoa dela zehaztea saiak iritsi baino lehenago animalia zer egoeratan zegoen.

Saietan adituak. Goitik behera eta ezkerretik eskuinera: Jose Antonio Donazar (Doñana), Martine Razin (Iparraldea), David Campion (Nafarroa) eta Antoni Margalida (Katalunia). Aranzadi Zientzi Elkarteak azaroan antolatutako Sai arrea eta ganadua jardunaldian izan ziren guztiak.
(Argazkia: G. Roa)
1996ko salaketa guztien egileei kalte-ordainak eman zizkieten, baina, handik aurrera, albaitariek aztertuta, askoz kasu gutxiagotan egin dira ordainketak. Gaur egun, salatutako kasuenen % 15ean bakarrik jasotzen dute abeltzainek kalte-ordaina, gutxi gorabehera. Kopuru hori txikia bada ere, adierazgarria da; saien eta ganaduaren arteko elkarrekintzak ugaritzen ari dira. Gaur egun, inork ez du ukatzen saien jokabide hori, duela hamar urte egiten zuten bezala. Kontua da argitu behar dela zein den jokabide hori: erasoak diren edo beste mota bateko elkarrekintzak diren, zenbateraino den arazo eta zein den arazo horrentzako irtenbide onena.

Behi eroak

Salaketak ugaritzearen atzean hainbat faktore daude. Gertatu diren erasoek, besteak beste, behi eroen gaitzarekin dute zerikusia. Gaitza detektatu zenetik, neurri zorrotzak hartu ziren hildako ganadua kudeatzeko. Saien arazoaren ikuspuntutik, bi ondorio izan dituzte neurri horrek; alde batetik, hildako ganadua sistematikoki jaso da mendietatik, eta, bestetik, saientzako bazkalekuak itxi egin dituzte.

(Argazkia: E. Imaz)

Hildako ganadua mendian uztea aspalditik da legez kanpokoa Espainian. Nolanahi ere, behi eroen gaitzaren agerraldia baino lehen ez zen kontrolatzen, ez zigortzen. Gaitzak egoera aldatu zuen; egoera kontrolatu nahi izan da. 2006ko udazkenetik aurrera, oso zorrotz hasi dira legea aplikatzen. Ahal den kasu guztietan behartzen da abeltzaina hildako ganadua jasotzera. Kasu batzuetan ezinezkoa da, ganadua errepidetik urruti dagoenean batez ere. Kasu horietan bakarrik geratzen dira hilotzak jaso gabe. Udako hilabeteetan gertatzen da hori, baina neguan oso hildako ganadu gutxi egoten da mendian.

Frantzian ere antzeko arazo bat sortu zen, baina agintariek ez dute hilotz guztiak jasotzearen aldeko apustua egin. Ministerioak, 1998ko dekretu batean, onartu zuen saiak garbitzaileak direla, eta 2003tik aurrera ahalegin bat egin dute: saiek jateko uzten dituzten ardien eta ahuntzen % 4 eta behi guztiak analizatzen dituzte, gaitzik ez dutela ziurtatzeko. Martine Razin Frantziako hegazti sarraskijaleen jarraipen-arduradunak dio saiek hilotzen garraioari lotutako diru asko aurrezten dutela. Eta, hala ere, oso jarduera garestia da. Razinen datuen arabera, kamioiek egunean 26.000 kilometro egiten dituzte horretarako.

Saien bazkalekuen itxierak mugaren bi aldeetan eragin du. Hain zuzen ere, Iparraldeko adituek uste dute Aragoin bazkalekuak ixteak izan duela haientzat eragin gehien. Bazkalekuak ia desagertu egin dira Aragoin; 200 inguru ziren, eta ia bat ere ez dago orain. Eta, denbora-tarte horretan, Iparraldeko saien erasoen salaketa-kopurua asko handitu da. Lurralde hartan ez dira bazkalekuak desagertu; gaur egun ere, 46 bazkaleku txikiz osatutako sarea dute martxan.

Erasoen salaketa gehienak ez dira gertatzen sai-koloniak izateko aproposak diren lurraldeetan, hau da, haitzguneak dituztenetan.
G. Roa
Mugaz hegoalderako adituek asko hitz egin dute bazkalekuei buruz. Alde batetik, onak dira saiak elikatzeko. "Guk jateko zer ematen diegun, horren menpe daude saiak" dio Nafarroako David Campion biologoak. Baina, bestetik, oso ondo kudeatu behar dira bazkalekuak, arazorik sor ez dezaten. Bazkalekuak urriak eta handiak badira, arazo asko sor ditzakete. Sai asko elkartzeak, jokabidearen ikuspuntutik, taldeetako hierarkiak aldatzen ditu. Ikuspuntu biologikotik, gaixotasunen transmisioa errazten du.

Nafarroan ireki zituzten estatu osoko lehen bazkalekuak, eta egia da geroztik saiaren populazioak gora egin duela. Baina Campionek zalantzan jartzen du bata bestearen ondorio denik. Urte haietan, sai pozoituen eta tiroz hildakoen kasuak ere asko murriztu ziren. Beraz, faktore askok hartu zuten parte saiaren ugaritzean, eta ez dago gorakada haren arrazoien ikerketa sakonik. Beraz, zaila da oso zehaztea nola eragiten duten bazkalekuek saien populazioetan zein ganaduarekiko elkarrekintzetan.

Saiak gose?

(Argazkia: E. Imaz)

Berriz ere hasi dira hainbat erkidegotan bazkalekuak irekitzen. Oso uste orokorra da saien egoerak adierazten duela gose direla. Baina hori ere zalantzan jartzen dute adituek. "Erasoen eta gosearen arteko lotura egitea oso erraza da. Baina, Nafarroan behintzat, erasoen salaketak gosearen kontua baino lehenago hasi ziren. (...) Lotura ez da hain zuzena. Faktore askok hartzen dute parte, eta ez dugu oso argi nola" dio Campionek.

Biologoek gosea neurtzeko duten modu bakarra janariaren eskuragarritasuna kalkulatzea da. Horrek eskatzen du kalkulatzea zenbat abere dagoen toki eta garai bakoitzean, horietatik zenbat hiltzen diren eta hildako bakoitzak zenbat kilo jaki ematen duen. Eta, noski, kontuan hartu behar da zenbat hilotz jasotzen diren.

Aldagai horietatik guztietatik abiatuta ateratzen duten ondorioa da saiek beti izan dutela jatekoa. Jaten duten baino gehiago. Nafarroako datuetan ikusten da, adibidez. 1986an, eskura zuten janariaren % 25 baino gutxiago jan zuten saiek. Denborarekin, zenbaki hori handitu egin da. 2004an % 60 zen, gutxi gorabehera; eta, gaur egun, oraindik, saiak behar duen baino jateko gehiago du. Beraz, goseak ez du azaltzen erasoen salaketa-kopurua handia izatea.

Sai batek batez beste 400 gramo okela behar du egunero, gutxi gorabehera. Kantitate hori aldatu egiten da urtean zehar; kumeak habian daudenean, martxotik abuztura, gehiago behar du beste hilabeteetan baino: 700 gramo egunean, gutxi gorabehera. Hala ere, erasoen salaketak ez dira ugariagoak martxotik abuzturako tarte horretan; ugariagoak dira apiriletik maiatzera bitartean. Hain zuzen, garai horretan erditzen du ganaduak. Datu horren arabera, eraso gehienak ez dira gertatzen saiek behar handiena dutenean, baizik eta ardiak, ahuntzak eta abarrak ahulagoak direnean. Ikuspuntu horretatik, gosearen faktorea ezin da baztertu, baina ez dator bat salaketa-kopuruen datuekin.

(Argazkia: E. Imaz)
Sai gehiegi?

Gauza bera gertatzen da saien ustezko superpopulazioarekin. Zaila da esatea zer den superpopulazioa kasu honetan. Populazioen tamainak ondo ezagutzen dira, umatzen diren bikoteetan emanda. 2006ko datuen arabera, Iparraldean 580 bikote inguru daude eta Pirinioetako Espainiako aldean 5.000 bikote, gutxi gorabehera. Nafarroan 2.371, Huescan 2.188 eta Lleidan 388 bikote. Euskal Autonomia Erkidegoko datuak txikiagoak dira. Gipuzkoan, adibidez, 55 bikote zeuden 2006an. Oro har, populazioa ez da txikia, baina superpopulazioa dagoela esatea beste kontu bat da.

Eta superpopulazioa dagoela onartuko balitz ere, datuek ez dute argi adierazten salaketen arrazoia sai gehiegi egotea dela. Hain zuzen ere, saien dentsitate txikiena dagoen tokietan izaten dira salaketa gehienak. Lurralde guztietan ikusten da efektu hori. Katalunian deigarria da. Antoni Margalida ugatza babesteko Kataluniako taldearen lehendakariordea da, eta saiari lotutako datuak bildu ditu: salaketa gehien Osona eskualdean egin dira, eta alde handia dago beste eskualde guztiekin. Baina, Osonan, saiak ez du habiarik egiten.

(Argazkia: E. Imaz)

Azken datu horrek pentsarazten du abeltzainen salaketak iruzurra direla, baina adituek ez dute uste hori ere egia denik. "Salaketa gehienetan, ganadua hilda eta janda aurkitzen du abeltzainak, eta ez daki benetan zer gertatu den" dio Margalidak.

Horrekin lotutako adibide bat ere eman du. Artzain batek ikusi egin zituen saiak artalde oso bati eraso egiten. Ardiek, izuturik, ihes egin zuten, hesi bat puskatuta. Egoera kaotikoa zen oso, eta saiak ihes egin ez zuen ardi bat jaten hasi ziren. Baina hildako ardiaren azterketak baieztatu zuen aldez aurretik zegoela hilda, eta saiak hura jatera jaistean sortu zela zalaparta. Artaldeak ez zion artzainari hildakoa ikusten uzten, eta, beraz, haren ondorioa zen saiek eraso egin zietela ardiei bizirik zeudela.

Baina beti ez da hori gertatzen. Kasu askotan ez dago baieztatzerik zein zen erasoaren uneko egoera. "Salaketak artzainak kontatzen duen bertsioan oinarritzen dira beti" dio Margalidak. Gipuzkoako Jesus Etxezarreta artzainak honela kontatzen du salatu zuen saien erasoa: "Ardi bat etzanda zegoen leku batean, eta pentsatu nuen umea egiten arituko zela. Gero joan nintzen, eta ikusi nuen (saiek) azpitik zulatu zutela. Tripak atera zizkioten, eta hala akabatu zen. Ardia altxatzen saiatu zen, baina, altxatzen hasi zenean, saiek eraso egin zioten, eta bizi-bizirik jan zuten".

(Argazkia: E. Imaz)
Batzuetan, hilotza ez da ikusten. Beste batzuetan ezin da ikusi, baina animalia hilzorian dago barruko gaixotasun batek jota. Beste batzuetan, erditzen ari den edo erditu berri den animalia bat da, oso ahul dagoenean. Beste batzuetan saiak erditu den animalia baten karena jatera jaisten dira, baina, itxuraz, bizirik dagoenari egiten diote eraso. Kasuistika izugarri handia da. Oraindik ez da frogatu saiek eraso egin diotenik osasuntsu dagoen animalia bati, baina galdera hor geratzen da: frogatu ez delako baztertu behar da ideia?

Arazo txikia

Adituek onartzen dute gaurko egoerak bultzatuta saien jokabidea kuantitatiboki aldatzen ari dela, hau da, saien eta ganaduaren arteko elkarrekintzak ugaritu direla. Baina hortik harrapari aktibo bihurtzera tarte oso handia dago. Pozoiarekin eta tiroz lehen baino askoz sai gutxiago hiltzen direnez, gero eta gehiago fidatzen dira gizakiarekin. Gero eta beldur gutxiago diote. Beste espezie batzuekin ere gertatu da hori. Nolanahi ere, zalantzan jartzen dute hori arazo handia ote den. Nafarroan, kalte-ordain gehien ordaindu zen urtean 5.000 euro ordaindu ziren. Saien erasoa diru-kopuru txiki horrek ordaintzen badu, ez da benetako arazo ekonomiko edo soziala, diotenez. Kontserbazio-arazo bat da.

(Argazkia: E. Imaz)

Baina komunikabideetan toki handia eman diote, sentsazionalismo-kutsu handi batekin. Hitchkock-en Txoriak filmarekin parekatu dute, eta behin plazaratu zuten saiek mendizale bati egin ziotela eraso. Adituen ustez, gehiegikeria horiek kalte handia egiten dute, iritzi publikoan eragin handia dutelako.

Biologoek eta abeltzainek kudeatu behar dute saiaren arazoa, agintarien laguntzaz, bi taldeak daudelako inplikatuta. Alde batetik, informazio zientifiko asko falta da saien inguruan: kolonien eredu demografiko bat behar da, penintsulako populazio osoaren ikerketa egin behar da, saien hilkortasuna ulertu behar da (parke eolikoek eta beste faktore askok eragindako hilkortasuna) eta abar. Beste alde batetik, abeltzaintzaren eredu egoki bat garatu behar da, bazkalekuen kudeaketa barne, besteak beste, saiak abeltzaintza estentsiboaren oso menpe daudelako.

Biologoek, gainera, eskatzen dute saien presentziaren abantaila guztiak ere kontuan hartzeko. Animalien hilotzak janda, garbitze-lan izugarria egiten dute, eta gaixotasunak zabaltzea eragozten dute. Gainera, ekoturismoa sustatu duten kasuak ere badira. Leku askotara joaten da jendea saiak ikustera. "Saiek irabaziak ekartzen dituzte", dio Jose Antonio Donazar Doñanako biologoak. "Espezie bat kontserbatzeak duen kostea kalkulatzeko garaian, datu horiek ere hartu behar dira kontuan".

Saia ez dago desagertzeko arriskuan. Azken urteetan gizakiak ez du piztiatzat hartu, eta horri esker zabaldu zen sai-populazioa. Baina, orain, adituak beldur dira erasoen salaketek aldatu egingo ote duten hori. Salaketak iruzurra izan ez diren kasuetan, animaliak hilzorian, oso ahul edo gaixorik zeudela frogatu da, eta, beraz, erasoa denik zalantzan jartzen dute. Baina oso zaila da ideia hori zabaltzea.

Beste sarraskijaleen egoera larria
Hegazti harrapari guztiak 1966tik daude babestuta Espainian (harraparien ordenaren barruan sailkatuta dago saia), garai hartan desagertzeko arriskuan zeudelako. Geroztik, sai arrearen eta miru beltzaren populazioek gora egin dute, baina salbuespena izan dira sarraskijaleen artean. Miru gorria, sai zuria eta ugatza aurkako egoeran daude; arriskuan daude eta populazioek ez dute gora egiten.
Miru gorria.
(Argazkia: G. Roa)
Sai zuriaren egoerak gehiago kezkatzen ditu adituak saia arrearenak baino. Sai arrearen erasoen albisteak asko zabaldu dira, baina kontserbazioaren ikuspuntutik egoera ona du sai arreak. Sai zuriaren populazioa, aldiz, txikiagoa da urtetik urtera. Miru gorriaren kasuan ere, populazioa urritzen ari da. Gainera, adituen ustez, sai arrearen arrakastaren biktima da miru gorria. Bazkalekuetan ehun sai arretik gora elkartzen denean, miru gorria desagertu egiten da, diotenez. Ugatzaren egoera ere txarra da. Hegazti hori berreskuratzeko kanpainak ari dira egiten, baina emaitza ez da espero zuten bezain ona.
Roa Zubia, Guillermo
3
238
2008
1
033
Zoologia; Ekologia
Artikulua
32

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia