}

Saguzarrak, gogaikarriak?

2001/01/29 Elhuyar Zientzia

Atzo bertan, telebistako film batean, tentsio handiko une batean, ikusi ahal izan genuen saguzar-talde batek beldurtuta zegoen antzezleari "erasotzen" ziola. Hainbat ipuin eta kondairetan ere protagonista izaten dira, eta ez onerako, gainera. Errealitatean horrelakorik ez da gertatzen, ordea.

Izan ere, gure inguruko saguzar-espezie guztiek intsektuak jaten dituzte soilik (baita Transilvaniakoek ere). Eguna lo pasa ondoren, gauez aritzen dira intsektuak ehizatzen, bai hegan ari direnak, baita lurrean, belarretan, enborretan eta beste hainbat tokitan geldirik daudenak ere. Hala ere, neguan, ez da intsektu askorik izaten eta, jatekorik ezean, lo pasa ohi dute urtaro hori. Lurreko beste zenbait tokitako saguzarrek, fruituak, loreak, nektarra eta ornodun txikiak ere jaten dituzte. Hego Ameriketan banpiroak ere badira, animaliei odol-tanta batzuk zurrupatuz elikatzen direnak. Edonola ere ez dute inolaz ere erasotzen, film eta ipuinetan esaten denaren kontra.

Argazkiko eskeletoan, saguzarren moldaketa nabarmenetakoa denaren arrastoa ikus daiteke: hegan egiteko gaitasunaren zantzua. Hegan egiten duen ugaztun-talde bakarra da saguzarrena, eta horregatik dituzte hain luzeak besoetako eta atzamarretako hezurrak. Aparteko beste gaitasun batzuk ere badituzte, baina horiek beste baterako utziko ditugu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia