}

Saguzar hatz-luzeak desberdin arrantzatzen ditu intsektuak eta arrainak

2015/10/27 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

saguzar-hatz-luzeak-desberdin-arrantzatzen-ditu-in
Arg. Ostaizka Aizpurua

Saguzar hatz-luzeak arrainak eta intsektuak nola bereizten dituen eta harrapakin-mota bakoitzerako ekokokapen-pultsuak eta arrantza-teknika nola egokitzen dituen argitu du EHUko ikertzaile-talde batek. Scientific Report aldizkarian argitaratu dute lana.

Saguzar hatz-luzea (Myotis capaccinii), intsektuz gain, arrainez ere elikatzen dela dakigun Europako saguzar bakarra da. Ur-azaleko intsektuak oinekin edo oinen arteko mintzarekin (uropatagioarekin) arraste labur bat eginez harrapatzen ditu. Arrainen kasuan, ordea, hankak askoz ere gehiago sartzen ditu eta arrastea ere luzeagoa da. Baina horrez gain, ekokokapen-patroia ere desberdina da. Harrapaketa-fasearen amaierako ekokokapen pultsuen bizkortzea buzz izenaz ezagutzen da, eta saguzar arrantzale hauen kasuan bi zati ditu: 1. buzza eta 2. buzza. Saguzar hatz-luzeek euren buzzaren bi zatiak modulatzeko gaitasuna dute, harrapakinaren arabera. Intsektuak harrapatzean bi buzzen garrantzia parekoa da, baina arrainak harrapatzerako orduan 2. buzza asko murrizten da, kasu batzuetan desagertzeraino.

“Intsektuak eta arrainak harrapatzeko era bateko edo besteko teknika erabiltzeak saguzarrak bi ehizakiak bereizteko gai direla adierazten du, eta bereizketa hori nola gertatzen den ulertzea izan zen ikerketa honen lehen urratsa: harrapakina arrain gisa identifikatzeko kinada zein den ezagutzea, alegia” dio Ostaizka Aizpurua EHUko Jokabidearen Ekologia eta Eboluzioa Ikerketa Taldeko kide eta artikuluaren ikertzaile nagusiak.

Kinada zehatza ezagutzeko lehen pausoa saguzarrek zein estimulu-motari erantzuten dioten ezagutzea izan zen, eta horretarako hiru aukeraren aurrean saguzarrek zuten portaera aztertu zuten EHUko ikertzaileek. Aizpuruak azaldu duenez, “kinada batean, ur-uhinak sortu genituen, inongo ageriko harrapakinik gabe. Beste batean, uretan murgilduta geldirik zegoen arrain bat jarri genuen, goi-ezpaina uretatik kanpo zuela. Azken kinada, berriz, gora eta behera egiten zuen arrain bat izan zen, agertu eta desagertzeaz gain ur-uhinak sortzen zituena”. Eta ikusi zuten saguzarrek harrapakina agerian zegoeneko kinadei soilik erantzun zietela, uhinei kasurik egin gabe.

Hala, geldirik zegoen arrainaren eta agertu eta desagertu egiten zen arrainaren arteko aldeak aztertzeari ekin zioten. “Arrain bat geldi dagoenean, intsektua balitz bezala erasotzen dute hura, azaleko arraste motzak eginez eta pareko 1. eta 2. buzzak erabiliz. Eta arraina desagertzen denean, ordea, arraste sakonago eta luzeagoak egiten dituzte, eta buzza 1. motako pultsuetara alboratzen dute, arrainak harrapatzean gertatu bezala”, dio Aizpuruak.

Azkenik, beste esperimentu batean saguzarren ehiza-ekintzaren une desberdinetan urperatu zuten arraina, eta ikusi zuten saguzarren hegazkera- eta ekokokapen-patroia arrainaren desagertze-unearen arabera aldatzen zela. Saguzarrek arrastearen intentsitatea harrapakinaren kokapenaren ziurgabetasunari doitzen diote, eta ekokokapen-patroia interesatzen zaien informazio-mota jasotzeko moldatzen dute. Erregulazio-portaera hori arrantza errentagarri egiten duen elementu garrantzitsua izan daiteke, beraz.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia