}

Saguaren genomaren entziklopediak 12.400 gene gehiago ditu

2001/02/08 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Geneak aurkitzea ez da inolaz ere lan erraza. Joan den urteko ekainean giza genomaren zirriborroa aurkeztu zen mundura eta lehenago Drosophila melanogaster euliarena. Geroztik, Arabidopsis thaliana landarearen genomaren mapa osatu da. Batzuetan besteetan baino informazioa zehatzagoa eskuratu da, baina guztietan modu berean egin da lan: ADN katearen sekuentzia zehaztea eta geneak identifikatzea da aukeratutako bidea.

Gene horiek zein proteina sintetizatzeko informazioa gordetzen duten jakitea hurrengo lan eskerga da. Izan ere, proteinak dira gorputzeko langileak eta bakoitzak zein lan egiten duen jakindakoan emango da pauso handiena. Geneak, proteinak egiteko instrukzioak besterik ez dira.

Metodologia alternatiboa

Geneen, hau da, ADNaren eta proteinen artean badago bitartekari bat: ARN mezularia. Proteinak erribosometan sintetizatzen dira, zeluletako fabriketan, baina ADNa zelularen nukleoan dago eta ezin da handik atera. Beraz, proteina egiteko instrukzioak toki batetik bestera eramango dituen mezularia behar da. Lan hori ARN mezulariak egiten du. Nola? Nukleoan genearen kopia bat egiten da, ARN mezularia, eta hau nukleotik atera era erribosometara joaten da proteina sintetiza dadin.

Bizitza harrigarria dela frogatzeaz gain, ikerketa genetikoa egiteko paregabeko bidea eskaintzen du honek. ARN mezulariak geneen kopia zehatz eta garbiak dira eta proteinak sintetizatzeko beharrezko informazio guzti-guztia dute. Hortaz, geneak identifikatzeko bitartekari ezin aproposagoak dira.

Japoniako Ikerketa Fisiko eta Kimikorako Institutuak (RIKENek) metodologia hori erabiltzen ari da saguaren genoma osatzeko. Saguaren ARN mezulariak harrapatu, klonatu, taldekatu eta identifikatu, hori da egiten dutena. 127.000 klon prestatu dituzte eta dagoeneko 21.076 aztertu dituzte.

8.200 ezezagun

Errepikatuta zeudenak baztertu ondoren, 15.200 gene identifikatzea lortu dute: 2.800 dagoeneko ezagunak ziren, baina gainontzeko 12.400ak ez. Gainera, berrietatik 8.200 bat, saguetan bakarrik ez, ugaztunetan ere berriak dira. Nature aldizkarian gaur aditzera eman dutenez, identifikatutako geneen artean enbrioien garapen fasean funtsezkoak diren hainbat gene daude, baita minbiziari loturik egon daitezkeen batzuk ere.

RIKENek gene guztiak entziklopedia publiko batean bilduta dauzka behar dituenaren eskura. Geneak identifikatu ondoren, haien funtzio posibleak zehazteko asmoz biltzar handi bat egin zuten joan den urtean eta aurtengo irailean beste bat egingo dute 20.000 gene gehiagorekin. Hain zuzen, biltzar hartako emaitzak dira gaur argitaratu direnak. Saguaren genomaren entziklopedia osatzea dute helburu, geneak eta proteinak lotzeko lantresna izan dadin.

Zergatik sagua?

Zergatik aukeratu dute saguaren entziklopedia egitea eta ez zuzenean gizakiarena? galde dezake batek. Hainbat arrazoirengatik. Bereziki, laginak saguetatik jasotzea gizakietatik jasotzea baino errazagoa delako, saguen laginak garapen fase guztietan jaso daitezkeelako eta gizakiarenak ez. Gainera, saguak eta gizakiak oso genoma antzekoak dituzte eta sagua oso eredu aproposa da gizakiarentzat. Horregatik medikuntzarekin zerikusia duten ikerketa guztietan erabiltzen dira. Beraz, saguaren genoma osatzea oso baliagarria izan daiteke gizakiari begira. Batetik, gene homologoek funtzio homologoak izan ditzaketelako eta, bestetik, sagu eredu aproposagoak prestatzeko bidea eman dezakeelako. Gizakiaren gaitz batentzako sendabideak saguetan probatzen direnean, saguak gizakia ahalik eta fidelen irudikatzea komeni da. Genomak eskuan izanda, gizakiaren sintoma eta erantzun berak izango dituen sagu eredua prestatzea posible izango da.

Egunkarian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia