}

Rumba, Tango, Sanba eta Salsa

2001/02/05 Elhuyar Zientzia

Karibear dantzen izena dute, baina lau satelite dira, berdin-berdinak lauak. Bi urtez ibiliko dira Lurraren inguruan biraka eta magnetosfera aztertzea dute helburu, Lurraren eremu magnetikoak babesten duen eskualdea. Lau sateliteak joan den uztailean eta abuztuan ipini ziren orbitan eta sinkronizatuta egiten dute lan. Eguzkiak igorritako partikula kargatuek eta magnetosferak talka egiten duten eskualdeak aztertuko dituzte; zehazki, eskualde horietako plasmaren mikroegiturak.

Sateliteek fenomeno berari buruzko neurriak eta datuak aldi berean jasoko dituzte eta, horri esker, Lurretik gertuko espazioan gertatzen diren aldaketa eta prozesuen hiru dimentsiotako azterketa zehatza egin ahal izango da lehenengo aldiz. Orbita polarrak eta oso eszentrikoak dituzte eta magnetosferaren eskualde interesgarri bat zeharkatzen duen bakoitzean tetraedro baten erpinetan egon daitezen doituta daude.

Rumba, Tango, Sanba eta Salsa sateliteek hilabete batzuk badaramatzate dagoeneko espazioan, baina ostiralean eman zitzaien lanean hasteko agindu formala. Mundu osoko fisikariak haiek jasotako informazioaren zain daude. Ea zer ematen duen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia