Rob@work: esku laguntzailea
2001/04/20 Elhuyar Zientzia
Mundu osoko langileek inoiz amestu dute lanean lagunduko dien beste esku batekin, batez ere lan astunak, aspergarriak eta luzeak arintzeko. Dirudienez, amets hori egia bihurtzeko bidean da eta laster eskuragarria izan daiteke. Izan ere, ekoizpen industrialean erabiltzeko, Hannoverko azokan Fraunhofer Institutuak rob@work robot-sistema erabilerraza eta adimenduna aurkeztu du.
Eginkizunak gaitasun sentsoriala, zenbait ezagutza edo trebetasun bereziak eskatzen dituenean, automatizazioa mugatua dago. Askotan, arazo teknikoak daude horrelako lanetarako diseinuak egiteko, edota garestiegiak izaten dira. Horregatik, irtenbide onena langilearen eta makinaren arteko elkarlana dela pentsatu eta robot laguntzailea egin dute. Horrela, langileak arreta guztia eginkizun zailenetan jar dezake edo operazioak zuzen ditzake, lan mekanikoa robotaren esku gelditzen baita. Elkarlan horri esker, eraginkortasunaz gain, kalitatea hobetzen da.
Rob@work sistema, oinarrian, plataforma mugikor bati lotutako beso bat da. Beso horrek edozein posiziotan mugitzeko edo gauzak hartzeko gaitasuna du eta dituen sentsoreei eta kamarei esker, gizakiak eta gauzak bereiz ditzake, beraz, lantokian ezeren aurka jo gabe mugi daiteke. Komunikazio multimodalak eta intuiziozkoak langileak eta robotak arteko elkar ulertzea ziurtatzen du, baita lantokian zarata handia eta interferentziak badaude ere. Robotari agintzeko hitza, ukimena eta keinua erabil daitezke, adibidez, aginduak ahoz esanez edo eginkizuna pantailan seinalatuz.
Sistema robotikoa oraindik guztiz bukatu gabe dago, baina azokan erakusgai dagoen modeloak hainbat eginkizun bete ditzake eta ingeniariak lanean ari dira hobetzeko asmoz.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia