}

Robot autonomoen egunsentia

2000/09/05 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Gizakiaren erosotasunak eta eginkizun konplexuek sustatuta, robotak diseinatzeko eta egiteko teknikak asko garatu dira

Egia da robotez hitz egiterakoan giza itxura duen metalezko kutxa hizlaria etortzen zaigula burura. Eta, noski, horrelakorik ez dago. Robotak gehienez lan mekanikoak egiteko diseinatuta daude. Horregatik, altzairuzko edo plastikozko besoz eta hankaz osatutako egitura txikiak izaten dira. Motor txikiak izaten dituzte muskulu positronikoen lekuan.

Roboten inguruan ikerketa handiak egiten dira. Espazioko esplorazioan ia ezinbestekoak dira. Edozein planetaren lagina jasotzeko, esaterako, urrutitik mugi daitekeen robota behar da. Zoruan oztopoak daudela edo ezaugarri mekaniko xelebreak direla, arazoak maiz sortzen dira.

Baldintza fisikoak aldez aurretik ezagututa ere ez da erraza robot egoki bat diseinatzea. Nature aldizkariaren azken alean, ordea, norabide horretan egindako aurrerakuntza handiaren berri eman da. Ikerketa lerro baten azken pausoa deskribatzen duen artikulua argitaratu da. Hod Lipson eta Jordan B. Pollack dira egileak.

Arazo zehatz batetik abiatuta

Robot konplexuetan aldaketa txiki asko egin daitezke. Zaila da jakitea zein konbinaziok ekarriko duen emaitza hobea. Beraz, hasierako baldintzak eman (robotaren osagaiak, nolako tokitan jarriko den martxan eta abar) eta ordenagailuak posibilitateak kalkulatu eta frogatzen ditu. Horrela asmatutako robotik onenak prototipoak azkar egiteko teknologiaz muntatzen dira.

Robotak egiteko prozedura hori Hod Lipson eta Jordan Pollack ingeniariek garatu dute Massachusetts-eko unibertsitate batean. Robotak plastikozkoak dira, eta hogeiren bat zentimetro besterik ez dute neurtzen. Ordenagailuaren probetan neurtutako ezaugarri mekanikoak benetako prototipoetan ere probatu dira. Kalkulu teorikoak oso zehatzak suertatu dira. Orain, zer egin dezake halako robot batek?

Alde batetik, Marteko harriak edo hondarra jaso eta ontzi batera eraman. Gertuago oraindik, elurretan ibil daitezke eta, oro har, baldintza zaileko oztopoak gainditu. Ezaugarri horiek salbamenduetan erabil daitezke. Gertuago oraindik, etxe barruko hainbat lan egin ditzake. Baina hori guztia aste honetako artikulua baino lehen ere jakina zen. Zertan datza, orduan, aurrerakuntza?

Zientzietan, gehienetan gertatzen den bezala, aurrerakuntza ez da emaitza, prozedura baizik. Robota nolakoa izan behar duen ordenagailuak kalkulatzen du, eta beste makina batzuk prototipoa bukatu. Gizakiak egin beharreko lan bakarra, ordea, arazoa ordenagailuari deskribatzea besterik ez da. Ez da lan makala, baina hortik aurrera lotara joan daiteke ezertaz ere arduratu gabe. Hori da aurrerakuntza. Espazioko esplorazioan, gainera, hasierako baldintzak zunda lurreratu arte ez dira jakinak izaten. Prozedura horretaz ez da robotik egin behar eta ikaragarrizko dirutza gastatu benetako oztopoa zein den jakin baino lehen.

Eboluzioan oinarrituta

Beste puntu garrantzitsu bat ordenagailuak egindako lana da. Lan hori prototipo teorikoen eboluzioan oinarrituta dago. Roboten belaunaldi berriak kalkulatzeko algoritmoa erabiltzen dute. Prototipo bakoitzaren ezaugarri mekanikoak aztertzen dira, eta kalitate gutxikoak baztertu egiten dira. Hautespen naturalaren antzerako ideia da. Hala, egun batetik bestera ehunka belaunaldi kalkulatzen dira. Horixe bera «eskuz» eginez gero, prototipoa asmatuz, eginez eta probatuz, urteak eta urteak pasatuko lirateke emaitza egoikia lortu baino lehen. Ordenagailuek, ordea errealitate birtuala erabiltzen dute lan astun hori aurrezteko.

Hala ere, teknika horrek oraindik traba handiak ditu. Ez dago den-dena konponduta. Ezin dira prototipoak ohizko teknologiaz egin. Prototipo azkarren teknologia material plastikoak solidotu egiten ditu beharrezko tokietan. Beraz, zaila da ohizko metodoekin egitea.

Beste aldetik, ordenagailuak erabilitako eboluzioaren algoritmoa zerotik hasi eta aleatorioki egiten ditu mutazioak. Ez du hasierako egitura sendorik ezta estrategiarik jarraitzen. Norberak egin dezake roboten autonomiaren egoeraren balorazioa. Hastapenetan dago, dudarik gabe. Ez dago pelikuletako robotez hitz egiterik, ordea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia