}

Robert Koch

1989/02/01 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bakteriologo aleman hau, Hanover inguruko Clausthal-Zellerfeld hirian jaio zen 1843.eko abenduaren 11n.

Koch-ek hamabi neba-arreba zituen eta medikutzarako joera erakutsi zuen gaztetan. Göttingen-eko unibertsitatean Wöhler eta Henle irakasle izan zituen eta 1866. urtean oso nota bikainekin karrera amaitu zuen.

Mediku izan arren, esploratzaile izan nahi zuen; munduan zehar leku berriak aurkitzea alegia. Bere emazteak ordea, asmo haiek burutik kendu egin zizkion eta mediku gisa lanari ekin zion. (Gero dena dela, emazte hura utzi, dibortziatu eta bera baino askoz ere gazteagoa zen neska batekin ezkondu zen).

Frantzia eta Prussia-ren arteko gerran mediku militar gisa parte hartu zuen prussiarrei lagunduz. Ondoren, Silesiako Breslau inguruan nekazal mediku izan zen. Han, satar izeneko gaitzak ganadua jo zuen eta Koch-ek gaitza aztertzeari ekin zion. 1876. urtean, gaitza abelgorrien barean zegoen bakterio batek sortzen zuela aurkitu zuen. Bakterio hura arratoiei ezarri zien eta horrela batabestea kutsatuz joan ziren, azkenean bakterio haiexek agertzen zirelarik.

Hau ezkerrean alineatzen diren argazkientzako taula da

Beste aurrerapauso garrantsitsua ordea, bakterioak animalien gorputzetik kanpo haztea izan zen. Odol-seroa gorputz-tenperaturaraino berotuta erabili zuen horretarako. Sistema horren bitartez, satarraren bakterioaren bizitza osoa aztertu ahal izan zuen eta aurka egiten zioten esporak aurkitu ere bai.

Koch-en fama zabalduz joan zen eta Berlinera bizitzera eta lanera joateko aukera izan zuen. Han anilina-tinduak erabili zituen bakterioak aztertzeko. Izan ere tindatu gabeko bakterioak erdigardenak dira eta ikusten oso zailak.

Bakterioak gorputzetik kanpo aztertzeko, Koch-ek likidoak erabiltzen zituen, baina geroago solidotan hazten hasi zen, egokiagoa zelako. Jelatinatan hazi zituen hain zuzen. Kochek beirazko euskarri launak erabiltzen zituen bakterioak hazteko, baina bere laguntzaile Julius Richard Petri-k beirazko kaxa estalkidunez ordezkatu zituen eta hori da orain ere erabiltzen den sistema.

Jelatinatan bakterioa ezin zen higitu, eta han bere burua behin eta berriz zatituz bakterio kolonia osatzen zen. Horrela animaliei bakterio horiek txertatzea posible zen, zein motatakoak ziren beti ere segurtasunez jakiten zutelarik.

Kochek bere arau eta tekniken bidez gaitz desberdinen bakterioak isolatu eta identifikatu egin zituen. 1882. urtean, tuberkulosiaren baziloa aurkitu zuen eta 1890. urtean bere ustez baita gaitz beldurgarri horren erremedioa ere. Erremedioa ordea, ez zen berak uste bezain ona.

1883. urtean Asiara joan zen izurrite beltza eta kolera aztertzera. Afrikan logura-gaitza ere ikertu zuen. Koleraren baziloa aurkitzeagatik saria eman zioten. Gero, 1897 eta 1906. urte bitartean izurrite beltza arratoiaren arkakusoen bitartez eta logura-gaitza tsetse euliaren bitartez transmititzen zirela frogatu zuen.

1905. urtean, medikuntza eta fisiologiazko Nobel Saria eman zioten Robert Koch medikuari, tuberkulosiaren arloan egindako aurkikuntzengatik.

Alemaniako Baden-Baden hirian hil zen 1910.eko maiatzaren 27an.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia